Ekonomia -
2016-2020 plana
BBKk gizarte ekintzarako 'finantza iturri alternatiboak' bilatuko ditu
BBK-k 160 milioi euro bideratuko ditu datozen bost urteetan enpresek enplegua eta aberastasuna sor dezaten laguntzeko, besteak beste.
agentziak | erredakzioa
BBK-k jakinarazi du 33 milioi euro inguru bideratuko dituela urtero Gizarte Ekintzara datozen 5 urteetan, 160 milioi euro guztira, eta "finantza iturri alternatiboak" bilatuko dituela Kutxabanketik eratorritako dibidenduak ez daitezen izan diru-iturri bakarrak.
BBKren 2016-2020 Gizarte Ekintza Plan Estrategikoa aurkeztu dute gaur Xabier Sagredo Banku Fundazioaren presidenteak, Gorka Martinez zuzendari nagusiak, Leire Aragon Gizarte Ekintza zuzendariak, eta Ivan Alonso finantza zuzendariak.
Sagredok azaldu duenez, BBK "aro berri batean" murgilduta dago, "ingurua aldatzen" ari delako, Banku Fundazio bihurtu zelako, eta egoera ekonomikoarengatik. Era berean, "iraganeko ondare handian oinarritzen den" Gizarte Ekintza defendatu du, "balioa ematen jarrai dezan, eta Bizkaiaren jarduera sozialaren eta garapen ekonomikoaren oinarria izaten jarrai dezan".
Testuinguru berri horretan, BBK-k Kutxabanken % 57 duela eta 2.800 milioi eurotik gorako inbertsio ondarea duela gogorarazi du, eta diru horren zati handiena "Kutxabanken akzioak" direla, eta horiek emandako dibidenduetatik lortzen dituztela diru-sarrerak.
Hala, BBK Gizarte Ekintzarako diru-iturriak dibertsifikatzen saiatuko da, ekiteko gaitasun handiagoa lortzeko asmoz.
Bestalde, Sagredok esan du Gizarte Ekintzarentzat estrategikoak diren eremuak ezarri dituztela egitasmoan, "gizartearen eskaera berriei erantzute aldera". "Bereziki garrantzitsuak" diren hiru eremutan jarriko dute arreta: "Enpleguaren sustapena; kultura, sormena eta berrikuntza; eta heldutasun aktiboa".
Hiru alor horiek eramango dute 160 milioi euroko aurrekontuaren % 75a. Enplegura % 28 bideratuko dute; % 24 kulturara, sormenera eta berrikuntzara; eta % 21 heldutasun aktibora.