Ekonomia -
Eguneko albisteak
Langabezia, jihadismo erradikalaren aurkako plana eta EHZ, lerroburu
Egunari heldu aurretik irakurri behar dituzun bost albisteak.
IKER GOMEZ | EITB.EUS
Jaitsi egin da langabezia Hego Euskal Herrian
Langabeziak behera egin du Hego Euskal Herrian bosgarren hilabetez jarraian. Ekainean 6.300 langabe gutxiago zeuden EAEn eta Nafarroan. Egoerak hobera egin badu ere, sortu den enplegua kalitate gutxikoa dela adierazi du Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak. Estatuan, langabezia 94.000 pertsonatan jaitsi da.
ELA eta LAB sindikatuek irakurketa kritikoa egin dute egoera kezkagarria dela nabarmenduz.
Jihadismo erradikalaren aurkako plana Euskadin
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, terrorismo jihadistaren mehatxuari aurre egiteko plan estrategikoa garatu du, orain arte ETAri aurre egiteko zuena egokituz. Ikerketa eta egin eta atentatuak izan daitezkeen tokiak identifikatu dira. Ertzaintzako sindikatuak kexu dira, neurri zehatzagoak nahi baitituzte.
LOMCE ezartzeko urratsa eman du UPNk Nafarroan
Nafarroan, UPNren Gobernuak azken unean LOMCE hezkuntza legea bete betean ezartzeko urratsa eman du. Aldizkari ofizialak atzo argitaratu zituen DBH eta Batxilergoan LOMCE ezartzeko dekretuak.
Lehen hezkuntzan jada martxan zen, orain derrigorrezko hezkuntza osorako curriculum dekretuak publikatu ditu Nafarroako Gobernuak. Dena den, polemikoenak diren errebalidak 2017ra arte ez lirateke martxan jarriko. Erabakiak zaildu egingo du LOMCE ez ezartzeko gobernu berriak hartu nahi duen norabidea.
Greziak zorra ?jasanezina? du, FMIren arabera
Greziako erreferendumaren atarian, Nazioarteko Diru Funtsak esan du Greziak hurrengo urteetan 50.000 milioi euro gehiago beharko dituela eta zorraren zati bat barkatzea. Nazioarteko Diru Funtsak egindako txostenaren arabera, Greziako zorraren egoera ?jasanezina? da eta okerrera egin duela Alexis Tsipras Gobernura iritsi denetik. Greziako Gobernuko bozeramaleek erantzun dute, esanez, Nazioarteko Diru Funtsaren txostenak arrazoia ematen diela, zorrari buelta ematea ezinezkoa dela aitortzen baitu eta hortaz, hartzekodunei dei egin die zorraren berregituraketa ere negoziazioetan sar dadin.
EHZk, 20 urte
Gaur hasiko da EHZ, Euskal Herria Zuzenean jaialdia. 30 kontzertu eta beste hainbat ekitaldi izango dira Lapurdiko Lekorne herrian igandera bitarte. Besteak beste, Berri Txarrak, Anestesia, Last Train edo Woods taldeak izango dira oholtza gainean. 20 urte bete ditu aurten EHZ jaialdiak eta, ohi bezala, musikaz gain gogoetarako tartea ere izango da aurtengoan. Feminismoa, Afrikako edo Greziako egoerak ere aztertuko dira mintegi eta solasaldietan.