Ekonomia -
Lan gatazka
Loiuko aireportuko lurreko laguntza zerbitzuko langileak, greban
Groundforce enpresako 150 langileak bi orduko lanuztea egitera deitu dituzte goizeko eta arratsaldeko txandetan, udako oporren irteera operazioan.
EITB.EUS
Bilboko aireportuan lurreko laguntza eskaintzen duten Groundforce enpresako langileak grebara deitu dituzte astelehen honetan, uztailak 6, lan-hitzarmenaren defentsan.
Lanuzteak goizeko eta arratsaldeko txandan egin dituzte: 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Udako oporraldiaren irteera operazioa bete-betean dagoela egin dituzte, gainera. Bilboko aireportuan bakarrik 144 hegaldi egon dira programatuta astelehen honetan.
Maletak fakturatu, bagajea leku batetik bestera eraman eta bidaiariak pistan barrena mugitzeaz arduratzen dira lurreko laguntzaileak.
Jon Herrero Euskadiko CCOOko aire sektoreko arduradunak Euskadi Irratiari adierazi dionez, lan-hitzarmenaren eta egonkortasunaren aldeko aldarria egitea da grebaren helburua. Izan ere, horien arabera, "hitzarmena bertan behera utzi nahi du enpresak, eta behin-behineko eta lanaldi partzialeko kontratu asko egiten ditu".
Langileek elkarretaratzea egin dute aireportuko hallean.
Groundforce enpresak, besteak beste, Lufthansa, Easyjet, Air France eta Alitalia aire-konpainiei eskaintzen die zerbitzua.