Ekonomia -
Confebask
Lan harremanak biziberritzen asmatu ez izana deitoratu du Lujuak
Confebaskeko presidente izateari utziko dion honetan, indarkeriaren amaiera eta susperraldi ekonomikoa aipatu ditu Miguel Angel Lujuak agurreko mezuan.
Agentziak | Erredakzioa
Miguel Angel Lujua Confebask euskal patronalaren presidenteak balantze gazi-gozoa egin du erakundearen buruzagitza utzi bezperatan. Bere blogean kaleratutako mezu batean, lan harremanak eta negoziazio kolektiboa biziberritzen asmatu ez izana deitoratu du.
Astelehenean aukeratuko dute Confebaskeko presidente berria. SEA Arabako patronalari dagokio buruzagitza proposatzea, eta, itxura guztien arabera, Roberto Larrañaga izango da Lujuaren ondorengoa.
Confebaskeko presidente gisa blogean egindako azken sarreran, lan harremanak eta negoziazio kolektiboa biziberritzen asmatu ez izana aipatu du "egiteko dauden eginkizunen zerrendaren baitan". Lujuaren esanetan, euskal enpresen lehiakortasuna bermatzeko "oinarrizkoak" dira bi horiek. Dena dela, "apurka-apurka, bide horretan aurrera egitea" espero duela azpimarratu du.
Balantzaren beste aldean, "indarkeria desagertu" izana txalotu du Confebaskeko buruak: "Aspaldi Euskadik zuen ametsa lortu dugula ikustearekin bereziki pozik nago. Gaitz honek gure bizitza, bizikidetza eta askatasunak geldiarazi zituen urte luzez, eta zorionez, atzean utzi dugu, eragindako min justifikaezina memorian dugun arren".
Krisi ekonomikoa ere ahotan hartu du Lujuak. "Susperraldi ekonomikoaren atarian gaudela ematen du, krisi ekonomiko larri eta gogorrenetakoa gaindituta", adierazi du.
"Zailtasunak gainditzen dituen komunitatea da gurea. Harro egoteko modukoa da berriro jaiotzeko arrazoiak, indarra eta kemena erakusten duen gizarte baten parte izatea", esan du.