Ekonomia -

Balantzea

EAEko turismoak beherakada txikia izan zuen 2009an

2008an baino % 1 bidaiari gutxiago zenbatu zituzten hoteletan. Abenduan, berriz, sarrerak % 5 hazi ziren eta % 3 gau kopurua, Eustatek jakitera eman duenez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2009an aurreko urtean baino % 1 sarrera gutxiago izan ziren EAEko hoteletan eta bidaiariek igarotako gau kopurua % 1 gutxitu zen, Eustatek jakitera eman duenez.

2009. urtean 1.991.790 bidaiari sartu ziren Euskal Autonomi Erkidegora, hau da, aurreko urtean baino 29.000 gutxiago. Arabara eta Bizkaira heldutako bidaiari kopurua % 2 gutxitu zen, eta Gipuzkoara heldutakoena % 1.

2009. urtean 3.743.209 gau igaro zituzten bidaiariek, hots, aurreko urtean baino 50.000 gutxiago. Igarotako gau kopuruak, beraz, bilakaera negatiboa izan du Araban (-% 1) eta Bizkaian (-% 3), baina Gipuzkoan ez da aldaketarik atzeman (% 0).

Batez besteko egonaldiaren iraupena 1,88 egunetan mantendu zen. EAEko okupazio maila % 44,57koa zen 2008. urtean eta % 41,66koa 2009an.

Sarrerak hazi egin ziren abenduan

Eustaten datuen arabera, 2009ko abenduan 132.394 bidaiarik hartu zuten ostatu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hotel-establezimenduetan, aurreko urteko hilabete berean baino 6.000 gehiagok eta, horrenbestez, % 5eko gehikuntza izan da. Hiru lurraldeetan gehitu zen bidaiari kopurua: 2008ko abenduko datuekin alderatuta Araban % 7 gehitu zen bidaiarien kopurua, Bizkaian % 6 eta Gipuzkoan % 2.

Estatuko bidaiarien sarrerak % 4 gehitu ziren eta atzerritik etorritako bidaiarien sarrerak % 7 gehitu ziren. Estatutik etorritako bidaiarien kopurua hiru lurraldeetan gehitu zen: Araban % 7, Bizkaian % 5 eta Gipuzkoan % 2.

Halaber, hiru lurraldeetan gehitu zen atzerritik etorritako bisitarien kopurua: Araban % 7, Bizkaian % 11 eta Gipuzkoan % 3.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskadi argazkiak EAE albisteak Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Ostatuei buruzko albisteak Euskal Estatistika Erakundea gaur