Ekonomia -

Lan gatazka

Lehen greba eguna abiatu dute Basauriko Bridgestonen

Zuzendaritzak langileekin negoziatu nahi ez duela eta lan hitzarmena "behin eta berriro" urratzen ari direla salatu nahi dute horrela.

Bridgestoneko langileen protesta bat. EFE
Bridgestoneko langileen protesta bat. EFE
Bridgestoneko langileen protesta bat. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bridgestone konpainiak Basaurin duen lantegiko langileek lehen greba eguna dute gaur, zuzendaritzak langileekin negoziatu nahi ez duela eta lan hitzarmena "behin eta berriro" urratzen ari direla salatzeko.

Enpresa batzordearen gehiengoak (CCOO eta ELA) 8 greba egun deitu ditu abuztuaren 5ean, 6an, 19an, 20an eta 31n, eta iraileko 1ean, 10ean eta 11n.

Horrela, Basauriko lantegiak (860 langile ditu) bat egin du multinazionalaren beste hainbat zentraletan egindako mobilizazio deialdiekin, hala nola Burgos, Bari (Italia) eta Bethune (Frantzia).

Greba 06:00etan hasi da, baina, 05:00etan, Ertzaintza eta suhiltzaileak lantegira bertaratu behar izan dira, hainbat gurpili su eman baitzieten. Dena dela, lanuzteetan jazotako istilu bakarra izan da.

CCOOtik azaldu dutenez, langile "gehienek" egin dute lanuztearekin bat, eta, ondorioz, goizean konpainia "ekoizpena gelditzen hasi da". Arratsalderako, "guztiz geldirik" izango dela aurreikusi dute.

Langileen ordezkariek "elkarrizketak egitea" eskatu diote zuzendaritzari, eta lan hitzarmena urratzea eta gai guztiak "auzitara eramatea" egotzi diote.

"Ez da kontu ekonomikoa; elkarrizketa nahi dugu", adierazi dute.

Bestalde, deitzaileek deitoratu egin dute UGTk, LABek eta BUBek deialdiarekin bat egin ez izana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauriko bideoak Kontzertu Ekonomikoa Zer gertatu da gaur Bizkaian? Grebak gaur EAE Ekonomia berriak