Ekonomia -

Nekazarien sindikatua

Esnearen sektorea 'desagertzeko arriskuan' dagoela ohartarazi du EHNEk

Sindikatuaren arabera, "akats larria" izan zen kuoten sistema bertan behera uztea, eta premiazko neurriak eskatu ditu.

EHNE sindikatuaren prentsaurrekoa, Donostian. EITB
EHNE sindikatuaren prentsaurrekoa, Donostian. EITB
EHNE sindikatuak berehalako neurriak aldarrikatu ditu

1:37

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EHNE Euskal Herriko nekazarien elkarteak "premiazko neurriak" hartzea eskatu die erakundeei, esnearen sektorea "desagertzeko arriskuan" baitago Euskadin, sindikatuaren arabera.

EHNEren hitzetan, botere publikoen "geldotasuna" dela eta, "industriak posizio menderatzailea" du eta, horren erakusgarri, hainbatetan "prezioak jaisteko eta esnea ez biltzeko mehatxuak" egin ohi ditu.

Sindikatuko ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute asteazken honetan Donostian, sektoreak egun duen egoera "larria" salatzeko, bereziki Europako Parlamentuak apirilaren 1ean esne kuoten sistema bertan behar uzteko erabakia hartu zuenetik.

Sindikatuaren aburuz, "akats larria" izan zen; izan ere, orain abeltzainek "inolako erregularizaziorik ez duen merkatu bat dute aurrean", eta, ondorioz, "babesik gabe daude erabat".

"Egun, sektoreko profesional askok esnearen truke jasotzen dutena ez da nahikoa ekoizpenaren kostuak ordaintzeko, eta, zenbait kasutan, jarduna bertan behera uztear daude, industriak ez dielako esnearen bilketa ziurtatzen", gaineratu dute.

Litroko 0,356 euro eskatzen dituzte

Hori horrela, EHNEko ordezkarien esanetan, egun litroko 0,24 eta 0,28 euro artean jasotzen dute ekoizleek, eta 0,356 euro jaso beharko lituzkete esnea ekoizteko kostuari aurre egin ahal izateko. Halaber, hainbat baserritan litroko 0,15 euro jasotzen ari direla salatu dute, "industria batzuek prezio baxuak eskaintzeko politika abiatu baitute".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia 2024