Ekonomia -

Burtsa

Asiako burtsek jaitsiera nabarmenak izan dituzte gaur ere

IBEX 35 indizeak goranzko joera dauka irekieran: % 0,75 ari da igotzen.

Agentziak | Errredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asiako burtsa garrantzitsuenek beste porrot bat jaso dute astearte honetan, Txinako ekonomiak sortzen dituen zalantzengatik. Hala ere, beherakadak astelehen beltzean izandakoak baino txikiagoak izan dira.

Gauzak horrela, Shanghaiko burtsak, Txinako garrantzitsuenak, % 7,6ko beherakadarekin itxi du eguna, 2.963 puntura jaitsita. Shenzeneko burtsak ere beheraldia izan du; % 7 jaitsi da, 10.197 punturaino.

Horrenbestez, CSI300 indizeak, Shanghaiko eta Shenzeneko burtsetan kotizatzen duten konpainia handienak batzen dituenak, % 7tik gorako galerekin itxi du saioa eta 3.042 puntuan geratu da.

Nikkeik, Tokioko (Japonia) burtsako erreferentziazko indizeak, % 3,96 egin du behera, Wall Streetek atzo izan zuen % 3,6ko beherakadaren ostean atzo.

Aitzitik, Hong Kongeko burtsa %0,07 ari zen igotzen 9:29an, saioaren zatirik handienean jaisten egon eta gero.

IBEX 35 indizea, gorantz

Espainiako burtsaren adierazle nagusiena, IBEX 35 indizea, % 0,75 ari zen igotzen zabaldu eta handik gutxira, azken egunetako galera handiek eragin dituzten prezio baxuak aprobetxatzen ari baitira inbertitzaileak.

Txinako ekonomiaren geldialdiak munduko gainerako ekonomientzako izango lituzkeen ondorioekiko beldurrak jaitsiera handiak eragin zituen atzo munduko burtsa-merkatu nagusienetan; IBEXaren kasuan azken hiru urteetan izandako beherakada handiena izan zuen: % 5,01.

Europako gainerako merkatuek ere goranzko joera daukate saio hasieran: Milan % 1,97 ari da igotzen; Frankfurt, % 1,87; Paris, % 1,84, eta Londres, % 1,65.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Txina gaur Japonia albisteak Ekonomia 2024 Gaurko azken ordukoa Burtsa