Ekonomia -
2015eko datuak
Pasaiako portuko trafikoa % 10,19 hazi da abuztura arte
Bestalde, hazkundea % 5,8koa izan da 2014ko abuztuko datuekin alderatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pasaiako portuko trafikoa % 10,19 hazi da 2015eko lehen zortzi hilabeteetan, aurreko urteko epe berarekin alderatuta. Halaber, hazkundea % 5,8koa izan da 2014ko abuztuko datuekin alderatuta.
Pasaiako Portuko Agintaritzak jakinarazi duenez, siderurgia alorreko produktuen trafikoa igo da gehien aurtengo abuztuan; iazko epe berean baino % 4,11 gehiago, hain zuzen.
Portuko trafiko gehiena txatarrak eta automobilek osatzen dute; txatarra trafikoa % 47,94 hazi da, eta automobilena, % 16,59. Halaber, paper eta pasta trafikoa % 18,5 hazi da, eta abonuena, berriz, % 15,62 jaitsi. Bestalde, arrantzako emaitzak ere positiboak dira % 3ko hazkundea izan baitu.
Alemania izan da inportazioen jatorri nagusia uztailean, bereziki, bobinen eta altzairuzko xaflen trafikoa dela eta (127.352 tona).
Bestalde, Erresuma Batua da esportazioen helmuga nagusia, 219.638 tona profil eta 78.717 tona automobil eta furgoneta bidali baitituzte bertara portu horretatik.