Ekonomia -
10 milioiko inbertsioa
ASK Chemicals enpresak lantegi berria eraikiko du Bilboko Portuan
Egitasmo honen ondorioz, Idiazabalen, Artziniegan eta Castro Urdialesen dituen hiru fabrikak Bilboko Portura eramango ditu.
agentziak | erredakzioa
ASK Chemicals enpresak lantegi berria eraikiko du Bilboko Portuan eta, ondorioz, Idiazabalen (Gipuzkoa), Artziniegan (Araba) eta Castro Urdialesen (Kantabria) dituen fabrikak bertara eramango ditu, produkzio guztia instalazio bakarrean bateratuz.
Egitasmoa aurrera eramateko 10 milioiko inbertsioa egingo dute eta lantegi berria "ASK Chemicals taldean erreferentea izango da", konpainiak ohar batean azpimarratu duenez.
Proiektu hau konpainia “zabaltzen eta hazten” ari denaren seinale dela adierazi du ASK Chemicalsek, eta Bilboko Portua Europa hego-mendebaldeko merkatura heltzeko “puntu estrategikoa” delako aukeratu dutela erantsi du.
Bilboko Portuak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak proiektu hau gauzatzeko egindako “ahalegina” eskertu dute.
Idiazabal, Artziniega eta Castro Urdialeseko fabrikak bateratu eta lantegi berria eraiki ostean, Europako beste fundizio negozio batzuk erostea izango da ASK Chemicalsen asmoa, “gure produktuak gehiago zabaltzeko”.
Proiektu hau abian jartzean bezeroak kaltetzea ekiditeko eta horniketa behar bezala egiteko, lekualdatzea zatika egingo dute.
Bilboko Portuan egongo den instalazio berriak 10.000 m2 izango ditu eta Zierbenan egongo da kokatuta.
Egun, 80 langile dituzte, baina enpresak uste du etorkizunean 90 edo 100 behargin izango dituztela.