Ekonomia -
Energia eraginkortasuna
Leihoak berritzeko laguntzak amaitu dira, 6.000 aldatu ostean
17:30etik aurrera ez dute eskaera gehiago onartuko, aurreikusitako milioi bat euroko aurrekontua amaituko delako.
agentziak | erredakzioa
EEE Energiaren Euskal Erakundeak amaitutzat eman du leihoak berritzeko plana, 6.000 leiho aldatu ostean, aurreikusitako aurrekontua gaur bertan amaituko delako; beraz, 17:30 arte soilik jasoko ditu eskaerak.
Agiri batean azaldu duenez, jasotzen ari diren eskaeren abiadurak agerian uzten du laguntzak jasotzeko aurreikusitako milioi euroak gaur arratsaldean bertan amaituko direla.
Horregatik, Jaurlaritzaren mendeko erakundeak amaitutzat eman du Renove Plana, eta ez du eskaerarik jasoko gaurko 17:30etik aurrera.
Laguntzei esker, 1.600 etxebizitzatan eraginkortasun handiko eta isolamendu bereziko leihoak jarriko dituzte, eta horrela berogailuaren energia kontsumoak behera egingo du, kanpoko tenperaturak eragin txikiagoa izango duelako. Guztira 6.000 leiho aldatu omen dituzte, eta batez beste 650 euroko laguntza eman dute.
Leihoen Renove Plana irailaren 8an hasi zen, eta bi egunen buruan amaitu da aurrekontua.