Ekonomia -

DATU EKONOMIKOAK

ELA: 'Ez dugu gobernuen poza ulertzen. Enpleguak ez du gora egiten'

Sindikatuak nabarmendu duenez, 'prekarietateak gora egiten jarraitzen duela era kezkagarrian, besteak beste, aldi baterako kontratuen eraginez'.

Hazkunde ekonomikoa dagoen arren, ezberdintasunak areagotzen dira

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuaren esanetan, hazkunde ekonomikoak ez du enplegurik sortzen, eta "gure gizartean ezberdintasunak areagotzen ari dira". Sindikatuaren helburua da desberdintasunaren hazkundea eztabaida politiko eta sozialaren erdigunean kokatzea. Bestalde, langabeziaren jaitsiera, batez ere biztanleria aktiboa murriztu delako gertatu da, eta egungo "enplegua era kezkagarrian ari da prekarizatzen".

Adolfo Muñoz idazkari nagusiarekin batera, Mikel Noval Arlo Sozialeko arduraduna eta Iñaki Salaberri Ikerketa Bulegoko kidea izan dira gaur goizean Bilbon, egoera ekonomiko eta sozialaren inguruko txostenaren aurkezpenean. Hego Euskal Herriko datuak bildu ditu sindikatuak.

ELAk nabarmendu du prekarietateak gora egiten jarraitzen duela era kezkagarrian, "besteak beste, aldi baterako kontratuen eta borondatezkoa ez den denbora partzialeko enpleguaren eraginez". ELAk kargu hartu dio azken hiletan zabaltzen ari den diskurtso ofizialari: "enplegua zatikatzea ez da lanpostuak sortzea".

Bestalde, sindikatuak azaldu du soldatek inoiz baino zati txikiagoa dutela aberastasunaren banaketan. "Gobernuek eta patronalak ez dute honetaz hitz egin nahi, eta gezurretan ari dira esaten dutenean ekonomiaren hazkundeak konponduko duela desberdintasuna", azpimarratu du Mikel Noval, arlo sozialeko arduradunak.

Muñozen iritziz, gobernuek bestelako politika batzuk egin litzakete, baina ez dute nahi. "Politika egiten da ezer larririk gertatzen ari ez bailitzan. ELA lanean ari da eztabaida hau gizartean heda dadin; prekarietateari aurre egiteko eta antolakuntza sindikalari eta borrokari balioa emateko", azpimarratu du sindikatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA