Ekonomia -

EiTB

Auzitegi Nagusiak legezkotzat jo du Eusko Irratiko lan erregulazioa

"Kausa ekonomiko nahikoak" daudela ebatzi du epaimahaiak. ESK sindikatuak iragarri du Auzitegi Gorenera joko duela.

EiTBren Bilboko egoitza nagusia. EiTB
EiTBren Bilboko egoitza nagusia. EiTB
EiTBren Bilboko egoitza nagusia. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Auzitegi Nagusiak legezkotzat jo du Eusko Irratiko eta Radio Vitoriako (EiTB) Lan Erregulazio Txostena, "kausa ekonomiko nahikoak" daudela argudiatuta.

Juan Carlos Iturri epaileak boto partikularra eman du, kaleratuak hautatzeko irizpideak "babes judizial eraginkorra izateko eskubidea" urratzen duela iritzita.

ELA, ESK eta CCOO sindikatuek salaketa aurkeztu zuten, Eusko Irratiko eta Radio Vitoriako 24 langile kaleratzeko prozedura kolektiboa baliogabetzea eskatzeko, berdintasun eskubidearen urraketa ematen zela argudiatuta. Izan ere, lan erregulazioan langile mugagabe ez finkoak sartu zituzten, eta finkoak, aldiz, ez. Hori "baztertzailea" dela irizten dute.

2014ko apirilean, EiTBko Administrazio Kontseiluak lan eskaintza publiko bat onartu zuen Eusko Irratian, 49 lanpostu finko bihurtzeko eta beste 30 amortizatzeko, langile mugagabe ez finkoak "erregularizatzeko" prozesu baten baitan.

Aurtengo maiatzean, EiTBk 30 langile kaleratzeko prozesua abiatu zuen, baina azkenean 24ra murriztu zuen kopurua.

Kaltedunek kaleratzea baliogabetzeko eskatu zieten epaileei, lan erregulazioan langile mugagabe ez finkoak baino ez zituztelako sartu. EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du eskaera.

Halaber, epaileek ukatu egin dute kaleratze prozesuan oker formalak zeudela.

Auzitegiak egiaztatu egin du kaleratzeek "kausa ekonomikoa" dutela, Eusko Irratiaren eta Radio Vitoriaren aurrekontuetan "defizita" baitago 2014ko hasieratik.

Ikuskaritza baten arabera, Eusko Irratiak 1,5 milioi euroko galerak izan zituen iaz, eta, Radio Vitoriak, 91.000 eurokoak.

EAEko Auzitegi Nagusiak epaian azaldu duenez, galera horiek "iraunkorrak" dira eta "konponbidea ez da" Administrazio publikoak diru-laguntzak handitzea.

Horrenbestez, 24 lanpostu amortizatzea "zentzuzkoa, proportzionala eta egokia" dela ebatzi du auzitegiak.

Halaber, hainbat adituren ikerketa bat oinarri hartuta, lantaldea 30 lanpostutan murriztu daitekeela esan du, "zerbitzua gutxitu gabe".

EiTBren esanetan, Auzitegi Nagusiak berretsi egin du "diru-sarreretan jaitsiera etengabea" dagoela Eusko Irratian eta Radio Vitorian, eta diru-laguntzak % 50 jaitsi direla 2011-2014 epean.

Bestalde, ESK sindikatuak iragarri du helegitea aurkeztuko duela Auzitegi Gorenean, eta boto partikularrak euren argudioak "indartu" egiten dituela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Nafarroa gaur ELA albisteak EAE albisteak Salaketak Ekonomia Eguneko albisteak Euskadi Irratia Langile Komisioak azken ordukoa ESK sindikatuaren azken ordukoa EAEko Justizia Auzitegi Nagusia