Ekonomia -

Frantziako multinazionala

Schneider Electricek Bizkaian kokatuko du industria zuzendaritza

“Bizkaia eta Euskadi industrian erreferente” dira, Frantziako multinazional horren zuzendaritzaren ustez, eta, hori dela eta, “lurraldean presentzia indartzea funtsezkoa” dela deritzo.

Cristina Vazquez | Radio Euskadi

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Schneider Electric Frantziako multinazionalak Bizkaian inbertitzeko borondatea azaldu du. Horrela, industria zuzendaritza lurralde horretan kokatuko duela iragarri du enpresak, Radio Euskadik jakitera eman duenez.

Konpainiak dagoeneko eman dio erabaki horren berri Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiari. “Bizkaia eta Euskadi industrian erreferente” dira, multinazional horren zuzendaritzaren ustez, eta, hori dela eta, “lurraldean presentzia indartzea funtsezkoa” dela deritzo.

Bizkaian gehiago inbertituko duela aurreratu du multinazionalak, baina proiektu edo lanpostu kopuruen daturik ez du eman.

Argindarra sortu eta industria edo kontsumitzaileengana eraman arte ematen diren pauso guztietan parte hartzen du Schneider Electricek. Gainera, energia eolikoan liderra da. 170 urteko ibilbidea du multinazionalak, eta 100 herrialdetan baino gehiagotan ditu lantegiak.

Bizkaian, Schneider Electricek Iberdrola Dorrean du egoitza, eta lantegi bat du Mungian. Multinazional horrek industria zuzendaritza Bizkaian kokatzeko asmoaren aurrean pozik agertu da Rementeria. Ahaldun nagusiaren ahotan, Bizkaia aukera handiko lurraldea da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Mungia argazkiak Albisteak