Ekonomia -

Autobusak

Lantek Arabako enpresak kontratua lortu du Yutong erraldoiarekin

Yutong Txinako konpainia munduko autobus ekoizle nagusia da. 60.000 autobus baino gehiago ateratzen dira urtero Zhengzhou hiriko lantegitik.

Lantek enpresaren Gasteizko egoitza. Irudia: www.lanteksms.com
Lantek enpresaren Gasteizko egoitza. Irudia: www.lanteksms.com
Lantek enpresaren Gasteizko egoitza. Irudia: www.lanteksms.com

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lantek Arabako enpresak kontratua lortu du Yutong munduko autobus ekoizle nagusiarekin. Konkretuki, laser, plasma eta zizaila makinetan Lantek Expert barneratuko du produkzio sistemaren eraginkortasuna hobetzeko.

Lantek enpresak azaldu duenez, 60.000 autobus baino gehiago ateratzen dira urtero Yutong Txinako enpresak Zhengzhou hirian duen lantegitik. Ondorioz, munduko autobus ekoizle nagusia da. Erraldoia 120 herrialdetan dago, eta % 30eko merkatu-kuota du Txinan.

Yutongen arabera, Lantek Expert barneratu nahi du laser, plasma eta zizaila makinetan, produkzio sistemaren eraginkortasuna hobetzeko. Aurrekontuaren % 4 berrikuntzara bideratzen du urtero Txinako erraldoiak.

145 modelo ezberdinetako 310 autobus egunean

Lantek lider da munduan metal industriarentzako eta makina-tresna sektorearentzako CAD/CAM/MES/ERP softwarea garatzen eta merkaturatzen. Txinako multinazionalaren hornitzailea izango da aurrerantzean. Yutongek 145 autobus-modelo ezberdinetako 310 ibilgailu egiten ditu egunean.

Yutongen konfiantza enpresarentzako aurrerapauso garrantzitsua dela esan du Joseba Pagaldai Lanteken salmenta zuzendariak. Pagaldairen hitzetan, kontratu horrek sendotu egingo du Lantek multinazionalaren presentzia “sektore estrategiko batean, ibilgailu-industrian, munduko ekonomia nagusietako batean”.

Lantek 1986an sortu zuten, Gasteizen du egoitza nagusia, eta 16.000 bezero baino gehiago ditu dagoeneko 100 herrialdetan. Gainera, bulego propioak ditu 15 herrialdetan. Nazioarteko negozioa horren fakturazioaren % 88 izan zen 2014an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Txina gaur Ekonomia berriak Gasteiz berriak Enpresen albisteak