Itxi

Ekonomia

TPP

Merkataritza itun historikoa adostu dute AEBk eta beste 11 herrialdek

EITB.EUS

Munduko barne produktu gordinaren % 40 sortzen duten 12 herrialdeok merkataritza eta inbertsioak liberalizatzea dute helburu, komertzio askeko gunea osatzeko.

  • 12 herrialdeetako ordezkariak, ituna ezagutarazteko prentsaurrekoan. EFE

    12 herrialdeetako ordezkariak, ituna ezagutarazteko prentsaurrekoan. EFE

Bost urte behar izan dira, baina azkenean lortu dute. AEBko Gobernuak merkataritza itun historikoa adostu du bart Ozeano Bareko 11 herrialderekin: TPP (Trans-pacific Partnership) Lankidetza Transpazifikorako Ituna. Hori sinatu duten 12 herrialdeek munduko barne produktu gordinaren (BPG) % 40 sortzen dute.

AEBk, Obama presidentearen setak batez ere, bultzatutako ituna da, eta inguru horretan Txinako ekonomiak duen indarra apaltzea du helburu. 12 herrialde horiek muga-zergak gutxitu dituzte (AEBrenak dezente txikiak ziren, baina gainerako herrialdeei eragin die batez ere) eta joko-arau komunak ezarri dituzte. Merkataritza askeko gunea eratzea da helburua.

Hauek dira ituna sinatu duten herrialdeak: AEB, Japonia, Australia, Brunei, Kanada, Malaysia, Mexiko, Zeelanda Berria, Peru, Singapur eta Vietnam.

Akordioak denean izango du eragina: botiken industrian hasi, eta automobilgintza, ehungintza eta nekazaritza ere zipriztinduko ditu. Besteak beste, Japoniako auto ekoizpenari eta AEBko botiken industriari egingo die mesede. Hala, atzerrian egindako ibilgailuei ezarritako bidesariak kendu egingo dituzte, piezen % 45 ituna izenpetu duten herrialdeetan egiten baitira. Horrez gain, bereziki protekzionista diren Japoniak eta Kanadak nekazaritza alorrean ezarritako muga-zergak erretiratuko dituzte.

Balio geopolitikoa

1993tik, AEBk, Kanadak eta Mexikok NAFTA ituna izenpetu zutenetik, eskualdean adostu den merkataritza akordio garrantzitsuena da honakoa. Itunak balio geoestrategikoa du, Txinak duen nagusitasuna apaltzeko asmoa baitu. Gainera, AEB Europar Batasunarekin negoziatzen ari den Merkataritza eta Inbertsiorako Itun Transatlantikoan (TTIP, ingelesez) ere izango du eragina. 

Barack Obama AEBko presidenteak ohar batean nabarmendu duenez, itunak "gure nekazarien, abeltzainei eta manufaktura lanetan dabiltzanei mesede egingo die, eskualdean duten pisua orekatu eta 18.000 zerga kentzea ahalbideratuko baitu".

TPParen inguruko akordioa erdiestea lehentasuna izan da Obamarentzat. Udaberrian horrelako itunak prozedura azkar baten bidez (ezin zaizkio zuzenketak aurkeztu) onartzea lortu zuen, baina, hori gorabehera, Kongresuak onartu beharko du. Errepublikanoak eta ezkerreko demokratak kontra daude, eta baliteke hilabeteak behar izatea itunari behin betiko onespena emateko. Gainerako 11 herrialdeen ganberek ere berretsi beharko dute, eta, honenbestez, baliteke luze jotzea.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena