Ekonomia -
Multinazionalaren krisia
Gerdau Brasilgo siderurgia-konpainiak salgai jarri du Sidenor filiala
Le Republicain Lorrain egunkariak aurreratu egin zuen atzo, Zuzendaritzak baieztatu ez badu ere. Brasilgo multinazionalaren akzioek balioaren ia % 75 galdu dute aurten.
eitb.eus
Sidenor filiala saltzeko lehen harremanak izan ditu Gerdau Brasilgo siderurgia-konpainiak, Radio Euskadik jakitera eman duenez.
Brasilgo atzeraldiak, Txinaren hazkunde motelagoak eta altzairu zein burdin mineralaren salneurriaren beherakadak kalte egin diote Gerdauren egoera ekonomikoari.
Brasilgo multinazionalaren mozkinek % 40 egin dute behera urteko lehen erdian, 2014ko ekitaldiko datuekin alderatuta, eta horren akzioek balioaren ia % 75 galdu dute aurten.
Ondorioz, Amerikako lantegietan inbertsioak areagotu eta Espainiako filiala saltzeko erabakia hartu du konpainiak. Multinazionalak 2.250 behargin ditu Estatuan. Lantegiak ditu Gasteiz, Azkoitia, Basauri, Legutio eta Maltzagan, eta baita Reinosan eta Sagunton ere.
Ekonomia komunikabide batzuek jakitera eman dutenez, Santander bankua harremanetan jarri da altzairu berezien sektorearen Europako eragile batzuekin, Sidenor saltzeko.
Konpainiaren etorkizuna argitzeko, salmenta posibleari buruzko informazioa ?lehenbailehen? emateko eskatu dio ELAk Gerdauri, sindikatu abertzaleak agiri batean adierazi duenez. Gainera, ?Gerdaun lanean ari diren langileen eta haien senideen etorkizuna defendatzeko? eskatu die sindikatuak EAEko erakundeei.
ELAren ahotan, ?albistea baieztatu edo gezurtatu? eta enpresaren etorkizunaren inguruko ?informazio zehatza? eman behar du Gerdauk. ?Europako lantegiek ez dute Brasilgo krisia ordaindu behar. Azken urteetan etekin garrantzitsuak sortu dituzte Europako lantegiek, lehiakorrak dira eta balio handiko beharginak dituzte?, nabarmendu du ELAk.
Bere aldetik, LABek informazioa ematea eta lanpostu guztiak eta lanbaldintzak mantentzea eskatu dio Gerdauri.
Zentralaren esanetan, langileek hedabideen bitartez izan dute albistearen berri. Horregatik, "onartezin"tzat jo du Gerdauk "mespretxu hori" agertu izna langileei.
Bide beretik, UGTk, CCOOk eta USOk biltzea eskatu diote zuzendaritzari, eta albistea "ezustea" izan dela gaineratu dute.
?Merkatuko zurrumurruen? inguruan adierazpenik egingo ez duela azpimarratu du Gerdauk, siderurgia-konpainiako iturriek baieztatu dutenez.
Altzairu luzeak
Gerdau lider da Amerikan altzairu luzeen merkatuan, eta altzairu luzeen hornitzaile nagusietako bat da munduan.
I+G dibisioa, hain zuzen ere, Basaurin du. Bizkaiko lantegiak sei patente lortu ditu azken hiru urteetan, eta beste birekin ari da orain lanean. Altzairu berezien ikerketan eta teknologian abangoardian dago.
Premiazko bilera bat eskatu dute sindikatuek
Siderurgia-enpresan ordezkaritza duten sindikatuek ?premiazko? bilera bat eskatu dute salmentaren inguruko informazioa jasotzeko.
Reinosako (Kantabria) enpresa-batzordearen iturriek baieztatu dutenez, Giza Baliabideen Zuzendaritzari gutun bat igorriko diote gaur bertan, Basauriko egoitzan Jose Antonio Jainaga Gerdau Espainiako kontseilari delegatuarekin ?premiazko? bilera bat egiteko eskatuz.
Behargin guztiek Espainiako lantegien salmenta posiblearen berri Le Republicain Lorrain Frantziako egunkariak ostegunean argitaratutako informazioaren bidez izan zutela ziurtatu dute iturriek.