Ekonomia -
Multinazionalaren krisia
Gerdauren erabakigunea Euskadin mantentzea nahi du Diputazioak
Gerdau Brasilgo siderurgia-konpainiak Sidenor filiala salgai jarri duela argitaratu zuten hainbat hedabidek aurreko astean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gerdau Brasilgo siderurgia-konpainiak estatu espainiarrean dituen lantegiak salduko balitu -tartean EAEko lantegiak-, jarduera, enplegua eta, "ahal dela", erabakigunea Euskal Autonomia Erkidegoan mantenduko lituzkeen taldearen alde egingo luke Bizkaiko Foru Aldundiak.
Multinazionalak 2.250 behargin ditu estatu espainiarrean. Lantegiak ditu Gasteiz, Azkoitia, Basauri, Legutio eta Maltzagan, eta baita Reinosan eta Sagunton ere.
Imanol Pradales Garapen Ekonomikorako Bizkaiko foru diputatuak gaur ziurtatu du Diputazioak ez duela balizko salmentari buruzko zuzendaritzaren baieztapen ofizialik jaso.
Dena den, aitortu du "kezkatuta" daudela Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunak balizko aukera hori dela-eta; izan ere, "Sidenor oso errotuta dago Euskadin eta Bizkaian" eta Basauri dago taldearen Espainiako egoitza administratiboa.
Diputatuak zehaztu du ez dela lantegien lehiakortasun edota merkatuaren arazoa eta multinazionalak Brasilen hartutako erabakia izan dela nabarmendu du.
Pradalesek azaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak multinazionalaren Espainiako zuzendaritzari eskua luzatu diote; salmenta baieztatuko balitz, jarduera, enplegua eta "ahal dela", erabakigunea Euskadin mantentzea ahalbidetuko duten konponbideak bilatzeko eta elkarlanean aritzeko.
Foru diputatuaren esanetan, Basauriko lantegia Gertadu taldearen erreferentzia da I+G+B alorrean. "Egonkortuta dagoen eta etorkizun handia duen taldea da", gaineratu du.