Ekonomia -
Oinarrizko akordioa
Gidabaimena ateratzeko probaren aztertzaileen greba, amaitzear
Lanuzteen ondorioz 60.000 azterketa baino gehiago atzeratu dira. Bi hilabete barru azterketa praktikoaren emaitza webgunearen bidez emateko konpromisoa hartu du DGTk.
Agentziak | Erredakzioa
Asteleheneko bileran oinarrizko akordio bat lortu zuten aztertzaileek eta Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT). Ondorioz, “litekeena da” 31 egun bete dituen greba bertan behera geratzea, Manuel Santiago CSIF sindikatuko Trafiko alorreko koordinatzaile nazionalak azaldu duenez.
Akordioa zehaztea falta dela onartu du Santiagok. Hala ere, bi hilabete barru azterketa praktikoaren emaitza webgunearen bidez emateko konpromisoa hartu du DGTk, eta emaitzaren berri autoeskolako irakasleari emateko aukera ere izango dute aztertzaileek.
Gainera, nahi izanez gero, frogaren emaitza ikasleari berari emateko aukera izaten jarraituko dute aztertzaileek.
Ikasle batzuen erasoen aurrean segurtasun-neurriak zorroztea, langileen kopurua areagotzea, lan-baldintzak hobetzea eta soldatak igotzea dira aztertzaileen aldarrikapen nagusiak.
Lanuzteen ondorioz, 60.000 azterketa baino gehiago atzeratu dira Espainian, aztertzaileen arabera. DGTren esanetan, berriz, 40.000 baino gutxiago atzeratu dira, eta dagoeneko egin dituzte atzeratu diren azterketa guztiak.
Produktibitate berezia
Aztertzaileen lan-karga ordaintzeko, produktibitate berezi bat onartzeko prest dago Trafikoa, Santiagok esan duenez. Hau da, azterketen kopuruak soldatan isla izango du.
Proposamenak langileei igorriko dizkietela adierazi du Santiagok, eta ados baldin badaude, bertan behera geratuko da greba. Neurri “positiboak” dira, CSIF sindikatuko kidearen iritzian.