Ekonomia -
Europako Parlamentua
Suitzan banku-sekretuarekin amaitzearen alde egin du Europako Ganberak
Europar Batasunak eta Suitzak bankuetako kontu-korronteen inguruko informazioa elkartrukatuko dute, herritarrek zergak ordaintzea saihestu ezin dezaten.
agentziak | erredakzioa
Europako Parlamentuak Suitzarekin lortutako akordioa babestu du, eta, ondorioz, herritarrek zailago izango dute herrialde helvetiarrean kontuak izanda zergak ordaintzea saihestea.
Europar Batasunak eta Suitzak adostutakoaren arabera, herritarrek herrialde ezberdinetan dituzten bankuetako kontu-korronteen inguruko informazioa trukatuko dute. Hitzarmena 2017ko urtarrilean sartuko da indarrean.
“Ez dugu onartuko pertsonek edo enpresek euren aktiboak ezkutatzea zergarik ez ordaintzeko”, azpimarratu du Jeppe Kofod sozialdemokrata daniarrak.
593 parlamentarik bozkatu du testuaren alde; 37k kontra bozkatu dute; eta 58 abstentzio izan dira.
“Iruzur fiskal bakoitzeko, hezkuntzara edo osasungintzara bideratu zitezkeen dirua lapurtzen ari dira”, kritikatu du. “Banku-sekretuarekin amaitzea urrats garrantzitsua da iruzurraren aurkako borrokan”, erantsi du.