Ekonomia -
Aurrekontuak
Bizkaiko Foru Aldundiak % 2,6 handitu du 2016rako aurrekontua
Rementeriak azaldu duenez, legealdiko "helburu handietara" bideratuko dute diru gehiena, jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko, Administrazioa modernizatzeko,eta Bizkaia munduarekin lotzeko.
agentziak | erredakzioa
Bizkaiko Foru Aldundiak 2016ko aurrekontuen proiektua aurkeztu du. 7.437,7 milioi euroko aurrekontua izango da, 2015ekoa baino % 2,6 handiagoa, eta kudeaketa propiorako aurrekontua 1.178 milioi eurokoa izango da, aurtengoa baino % 2,4 handiagoa.
Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak aurkeztu dute aurrekontuen proiektua, eta azken horrek azpimarratu du 2016an “egunean 1,4 milioi euro” erabili ahal izango dituztela “pertsonak zaintzeko eta artatzeko”.
Kupoa (380 milioi, 2015ean baino % 6,8 gutxiago), Eusko Jaurlaritzari eman beharrekoa (4.609 milioi euro, % 4,38 gehiago) eta udalen finantziazioa (824 milioi euro, % 1,5 gehiago) kenduta, Aldundiak 1.579 milioi euro izango ditu kudeatzeko, aurten baino 9 milioi euro gutxiago.
Langileen soldatak eta zorraren interesak eta amortizazioak (interesen ordainketa 55,8 milioi eurora murriztu da, 76,2 milioi eurotik) kenduta, gastuetarako bideratu ahal izango den dirua 1.178,2 milioi euro izango dira, aurten baino 27 milioi euro gehiago.
Rementeriak esan du ez duela murrizketarik aurreikusten alor estrategikoetan, eta ez delako “inolako murrizketarik izango” zerga-bilketan izan den beherakadaren ondorioz (37 milioi euro gutxiago); izan ere, sekula “ez da aurreikusitakoaren % 100 gastatzen”.
Nahiz eta aurrekontuen proiektua EAJk eta PSE-EEk, foru gobernuko kideek, onar dezaketen, Rementeriak esan du taldeek aurkezten dituzten zuzenketak aintzat hartuko dituztela proiektua hobetze aldera.
Agintariak esan du Aldundiaren lehentasuna “pertsonak” direla eta, horregatik, aurrekontu horiekin “egunero 1,4 milioi euro” bideratu ahal izango dituztela “herritarren zaintza eta arretara”.
Aurrekontu proiektuaren arabera, Gizarte Ekintzara 472,5 milioi euro bideratuko dituzte, aurten baino 12 gehiago (% 2,7 gehiago), eta diru erabilgarriaren % 40,1a izango da.
Bestalde, Euskera eta Kultura Sailak 48,7 milioi euro izango ditu(% 2,3 gehiago); Ogasun eta Finantza Sailak, 58,4 milioi euro (% 5,9 gehiago); Garraio, Mugikortasun eta Lurralde Kohesioa Sailak, 155,7 milioi euro (% 2,4 gehiago); Administrazio Publiko eta Harreman Instituzionalen Sailak 41,3 milioi euro (% 11 gehiago); Ekonomia eta Lurralde Garapen Sailak 245 milioi euro (% 0,8 gehiago), eta Enplegu Sailak 51,4 milioi euro (% 3,2 gehiago).
Ingurugiro eta Iraunkortasun Sailaren aurrekontua, berriz, % 1 murriztuko dute, eta 104,9 milioi euroan geratuko da.
Aipatu dituen proiektu nagusien artean, jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko 60 milioi euroko ekintza sorta aipatu du.
Administrazio modernoagoa, eraginkorragoa eta gardenagoa lortzeko 12 milioi euro bideratuko dituzte, eta Guggenheim Museoak, Bizkaiaren “nazioarteko enbaxadoreak”, 6,5 milioi euro jasoko ditu.
Bestalde, lurralde kohesioan 240 milioi euroko inbertsioa egingo dute: Bizkaibus (81,4 milioi euro), Metroaren 3. Linea (29,4 milioi euro), errepideak (80 milioi euro), eta uraren eta hondakinen kudeaketa (50 milioi euro).