Ekonomia -
Kontzertu ekonomikoa
Elkarrizketaren ordez konfrontazioa nahi dutela salatu du Urkulluk
Lehendakariak azpimarratu du Kontzertu Ekonomikoa ez dela "pribilegioa", "aldebakarreko arriskua" suposatzen duen "erakundeen arteko ituna" baizik.
agentziak | erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak salatu du "fronteen" arteko talkaren bidez "konfrontazioa" bilatzen dela, "adostutako irtenbideak bilatzeko desberdinen arteko elkarrizketa politikoa" bilatu beharrean.
Bilboko Euskalduna Jauregian egin ditu adierazpenok Urkulluk, Zuzenbide Zibilaz egiten ari diren jardunaldiak Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearekin eta Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentearekin batera irekitzeko ekitaldian.
Urkulluk azaldu duenez, "euskal herritarrok ditugun erakundeak indarrean daude duela mende asko, eta tresna erabilgarriak dira". Kontzertu Ekonomikoa ez da "pribilejioa", baizik eta "aldebakarreko arriskua" suposatzen duen "erakundeen arteko ituna", erantsi du.
Horren inguruan, beharrezkotzat jo du "pedagogia egitea" eta Kontzertu Ekonomikoa defendatzea, zerga eta finantza erregimen "berezia" delako, "itundutako eskubide historikoa, Konstituzioak babesten eta Luxenburgoko Auzitegiak aitortzen duena".
Urkulluren iritzian, konfrontazioarena "ez da bide zuzena", eta "egungo errealitate politikoak itunak lortzeko gertutasuna eta elkarrizketa eskatzen ditu", gaineratu du.