Ekonomia -
Lan-baldintzak
Antzinakotasunaren araberako oporrak onartu ditu Arabako Diputazioak
Gainera, gaixotasun-bajengatiko laguntzak hobetuko dituzte eta funtzionarioek familia eta lana hobeto uztartzeko neurriak hartuko dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabako Diputazioak onartu egin du sindikatuekin adostutako funtzionarioen lan-baldintzei buruzko akordioa indarrean jarriko duen dekretua. Hortaz, antzinakotasunaren araberako oporrak aitortuko dituzte, gaixotasun-bajengatiko laguntza hobetuko dituzte eta familia eta lana hobeto uztartzeko neurriak abiaraziko dituzte.
Arabako Diputazioak esan du langile publikoen lan-baldintzak hobetzeko “urratsa” dela, azken lau urteotan okerrera egin dutelako.
Aldi baterako lanerako ezintasunagatik % 100 kobratzeko eskubidea ematen duten salbuespen kasu gehiago aitortzen ditu, gaixotasun-bajei dagokienez.
Dekretuak baliorik gabe utzi du Alderdi Popularraren Foru Gobernuak aurreko legegintzaldian antzinakotasunaren araberako oporrak kentzeko araua. Horrenbestez, 15 urtez lan egin duten beharginek opor-egun gehiago izango dituzte, betiere beren arduradunek zerbitzuaren beharrizanak kontutan hartuta onartuko dituztenak.
Amaitzeko, seme-alabak edo senideren bat zaintzeko lanaldi murrizketak bost egunetakoak izango dira, astean. Orain arte astelehenetik ostegunera moldatu zitzaketen euren ordutegiak; orain ostiraletan ere egin ahal izango dute.