Ekonomia -
Basque Culinary Center
BCCk 45 milioi euro sorrarazi ditu Gipuzkoan lehen lau urteetan
Ikerketa baten arabera, jasotako euro bakoitzeko 1,5 euro itzuli dizkio administrazioari. Gainera, lau urte hauetan 390 lanpostu sortu dira.
Agentziak | Erredakzioa
Basque Culinary Center (BCC) zentroak 45 milioi euro sorrarazi ditu Gipuzkoako produkzio katean abian jarri zenetik, 2011. urtean. Ikertalde enpresak egindako txostenaren arabera, tarte horretan 24 milioi euroko ekarpena egin dio lurraldeko BPGari eta 390 lanpostu sortu ditu.
Emaitzen arabera, 2014-2015 ikasturtean 200 irakasle eta 2.000 ikasle baino gehiagok parte hartu dute bertan. Horrek 4,7 milioi euroko inpaktu zuzena, 5,5 milioiko zeharkako gastua eta 15,3 milioi euroko produkzioa eragin ditu.
Bestalde, BCCren produkzioari esker, administrazioak 6,7 milioi euro bildu ditu lau urteotan, eta, jasotako euro bakoitzeko 1,5 euro itzuli dizkio administrazioari.
Ikerketak proiektua martxan jarri zenetik igaro den epean izandako eragin sozioekonomikoaren zenbatespena egiten du. Alde batetik, irakaskuntza jarduera dago eta, bestetik, antolatutako biltzarrak eta bestelako ekitaldiak daude.
Joxe Mari Aizega BCCko zuzendariak azaldu du emaitzak oso onak direla eta proiektua “% 90ean autofinantzatzen” dela.