Ekonomia -
Ministerioaren datuak
Langabezia % 1etik gora hazi da EAEn eta Nafarroan
Espainiako Estatuan langabe kopuruaren gorakada % 2,03koa izan da, orotara 4.130.625 zenbatu dituztelarik. Corbacho Lan ministroak Gizarte Segurantzara afiliatutakoen gorakada azpimarratu du.
Erredakzioa
Langabezia % 1,07 hazi zen Euskal Autonomia Erkidegoan 1.456 langabe gehiagorekin, 137.143ra iritsi arte. Nafarroan, berriz, langabe kopuruaren gorakada % 1,14koa izan zen, izan ere, 492 langabe berri zenbatu zituzten, 43.770 arte.
Urte arteko datuak eskuartean, EAEn langabeziak % 18,58 egin du gora 2009ko otsailetik eta % 17,10 Nafarroan.
Estatuko datuak
Espainiako Estatuko Enpleguaren Zerbitzu Publikoetan zenbatutako langabe kopurua % 2,03 hazi zen iragan otsailean. 82.132 langabe gehiago daude zerrenda horietan urtarrilaren aldean, eta 4.130.625 langabe daude orotara Estatu osoan.
Hala ere, langabezia tasa iazko hilabete berean igo zenaren erdia hazi da, orduan 154.058 langabe gehiago izan ziren aurreko hilearen aldean, Espainiako Lan eta Immigrazio Ministerioaren arabera.
Urtebetean, 648.766 langabe gehiago daude Estatuan, % 18,6 gehiago.
Sektoreka, otsaileko langabeen % 55 zerbitzuen alorrekoak ziren, eta atzetik geratu ziren aurretik lanik ez zutenak, eraikuntza alorrekoak, nekazaritzakoak eta industriakoak.
Gizarte Segurantzara afiliatutakoen gorakada
Celestino Corbacho Espainiako Lan eta Immigrazio ministroak esan du langabezia datuak mugarri izan daitezkeela eta alde positiboa badutela, Gizarte Segurantzara afiliatutakoen kopurua hazi dela, eta 2009ko otsailean baino gutxiago hazi dela langabezia, adibidez.
Corbachok Consuelo Rumik Estatuko Funtzio Publikoaren idazkari kargua hartzeko izan den ekitaldian egin ditu adierazpenok.
Ministroak azpimarratu du lehenengo aldiz lana bilatu dutenen kopuruak ere gora egin duela.
Hala ere, Corbachok onartu du ekonomiak "hazkunde negatiboa badu ez" dela "enplegua sortzen", beraz, ekonomiaren joera aldatzen ez den bitartean "enpleguaren hazkundeaz hitz egitea zaila" izango da, nahiz eta "indize batzuk" hobetzen ari direla egiaztatu.