Ekonomia -

Arropa eta osagarriak

Primark erraldoiak denda handia zabalduko du Bilboko Plaza Biribilean

Irlandako multinazionalak eta BBVA bankuak akordioa lortu dute Plaza Biribileko dorrean denda bat zabaltzeko. Dendak dorrearen sei solairu hartuko ditu.

Madrileko Primark dendaren irekiera. Artxiboko irudia: EFE
Madrileko Primark dendaren irekiera. Artxiboko irudia: EFE
Madrileko Primark dendaren irekiera. Artxiboko irudia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Primark konpainia erraldoiak denda handi bat zabalduko du Bilbon, El Correo egunkariak eta Radio Euskadik gaur aurreratu dutenez.

Irlandako multinazionala BBVA bankuarekin akordio bat adostu du Plaza Biribileko dorrean denda bat zabaltzeko. Dendak dorrearen sei solairu hartuko ditu.

Urrian Madrilgo Kale Nagusian denda bat zabaldu ostean, Irlandako enpresak bere tamaina bikoizteko asmoa du, eta, horretarako, 2016an dendak irekiko ditu Palman eta Valentzian, Paul Marchant kontseilari delegatuak egindako iragarpenaren arabera. Horren esanetan, aipatutako horiez gainera, hurrengo denda erraldoiak Bilbon eta Bartzelonan irekiko ditu.

Primarkek urrian inauguratu zuen 12.400 metro koadroko denda Madrilgo Kale Nagusian, Irlandako kateak Espainian duen marka bakarreko arropa-denda handiena. Horrela, bere prezio baxuengatik ezaguna den enpresak buelta eman dio Estatuan duen estrategiari. Merkataritza-gune periferikoetan zabaldu izan ditu orain arte saltokiak; Portugalete udalerriko Ballonti zentroan duena horren adierazle garbia da.

Hasierako saltokiek, batez beste, 3.500 metro koadro zituzten; lokal berriak, berriz, 5.300 metro koadro ingurukoak dira.

Hori dela eta, establezimendu berriak zabaltzeaz gain, dagoeneko badituenak birmoldatu edota lekuz aldatuko ditu, beroriek handitzeko asmoz eta egun enpresak duen irudi sofistikatuagoarekin bat egin dezaten.

Gaur egun, Primarkek 287 denda ditu Europako bederatzi herrialdetan eta AEBn, 62.000 langile ditu eta 6.000 milioi euro fakturatzen ditu urtean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Ekonomia Eguneko albisteak