Ekonomia -
Berantevillako lantegia
Aernnovako batzordea: 'Ezkutuko erregulazio plana egin nahi dute'
Langileen ordezkariak salatu dutenez, 2016ko lan egutegian 15 jaiegun "inposatu" diete urteko lehen lau hilabeteetan.
Agentziak | Erredakzioa
Aernnovako enpresa batzordeak salatu duenez, Berantevillako lantegian 'ezkutuko lan erregulazio plana" egin nahi du zuzendaritzak 2016ko lan egutegiarekin. Izan ere, azaldu duenez, 15 jaiegun "inposatu" dizkiete urteko lehen lau hilabeteetan.
Juan Carlos Gomez Aernnovako enpresa batzordeko presidenteak prentsaurrekoan adierazi duenez, zuzendaritzak "jaiegun mordoa" ezarri ditu langileei aurkeztutako egutegi proposamenean. Hala, 2016ko lehen hilabeteetan berez lan egitekoak diren 15 egun jaieguntzat hartu ditu enpresak.
Egutegi hori negoziatzen ari dira orain sindikatuak eta zuzendaritza. Enpresa batzordearen iritzian, zuzendaritzak proposatutakoa "ezkutuko lan erregulazio txostena" da. Oporrak langileek beraiek aukeratu behar dituztela uste dute sindikatuek. Horrez gain, jaiegunak ezartzekotan, lehen hilabeteetan barik, urtean zehar banatu beharrekoak direla defendatu dute.
Aernnovako zuzendaritzak 130 langileren kaleratzea ekarri behar zuen lan erregulazio plana iragarri zuen azaroan. Handik gutxira, baina, bertan behera utzi zuen. Ordutik, baina, zuhur agertu dira beharginak, enpresak kaleratzeak egiteko asmoari eusten diola uste baitute.
Bilera Jaurlaritzako ordezkariekin
Aernnovako enpresa batzordea Alejandro Lopez Carmamo Eusko Jaurlaritzako Industria Garatzeko zuzendariarekin bildu da gaur.
Bileraren ondotik, Gomezek azaldu duenez, Jaurlaritzaren jarrera "irmoagoa" izango zela uste zuten. "Diru-laguntza publikoak jaso dituen arren, enpresa pribatua dela esaten digute behin eta berriz, eta gehiago egin ezin dutela", azaldu du.
Enpresa batzordearen irudiko, Berantevillako lantegiak plan estrategikoa behar du, hori egon ezean "Arabako aeronautika sektorea kolokan" egongo da, lantegiak ez duelako lan-kargarik, ezta kontratu berririk ere.