Ekonomia -

Krisiari aurre egiteko plana

Greziak aurrezki plana aurkeztu du eta babesa eskatu dio EBri

Yorgos Papandreuk 4.800 milioi euro aurrezteko eta defizit publikoa % 4ean murrizteko neurri zorrotzen berri eman du. Lehen ministroak ez du ukatzen Nazioarteko Diru Funtsari laguntza eskatzea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bere Europako kideei agindutakoa bete du gaur Greziak eta Yorgos Papandreu lehen ministroak, defizit publikoa % 4ean murrizteko eta diru-sarrerak handitzeko zorroztasun planaren berri eman du.

4.800 milioi euro aurreztu nahi dituzte aurrezki plan horrekin, izan ere, Greziak Barne Produktu Gordinean (BPG) % 110eko zerga du eta % 12,7ko defizit publikoa.

Neurri zorrotzen zerrenda

Aurrezki planak erretiratuei zuzenean eragingo die, hain zuzen, beraien pentsioak bere horretan utziko dituzte. Halaber, 600.000 funtzionarioek euren soldataren herena kobratzeari utziko diote, orain arteko plusak eta apartekoak kenduko dizkiete eta.

Greziako gobernuak 700 milioi euro gutxiago zuzenduko ditu inbertsio publikoei eta zergak ordaintzea saihesten dutenei aurre egiteko arau berriak egingo dituzte.

Gasolina litroa 3 eta 8 zentimo artean garestituko da eta BEZa ehuneko 0,5 eta 2 artean. Tabakoaren eta edari alkoholdunen prezioek ere, % 20ean egingo dute gora.

Hordagoa Europar Batasunari

Yorgos Papandreuk ohartarazi duenez, Europar Batasunak Atenas babesten ez badu, Greziak Nazioarteko Diru Funtsari laguntza eskatu liezaioke

Horrez gain, Lehen ministroa Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin bilduko da hurrengo ostiralean eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin igandean. Bilera horien helburua beraien babes ekonomikoa eta politikoa lortzea da bai kredituak errazago lortzeko bai beste herrialdeek Greziako bonoak erostea sustatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea