Ekonomia -

Kutxazainak erabiltzearren

0,65 euroko komisioa kobratuko dute Bankiak, Sabadellek eta Euro 6000k

Akordioa sinatu duten finantza erakundeen bezeroek komisio hori ordainduko dute kutxazainetan dirua ateratzeagatik. Akordioa urte amaieran sartuko da indarrean.

Akordiak banketxeen artean, eta zalantzak komisioen inguruan

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bankia, Sabadell eta Euro 6000 sareko banketxeek (Kutxabank dago tartean) 0,65 euroko komisioa kobratuko diote elkarri bezeroek kutxazainetan dirua ateratzearren.

Akordioa urri hasieran iragarri zuten finantza erakundeek, baina atzo zehaztu zuten. Sinatutakoaren arabera, gehienez komisio hori ordainduko dute bezeroek, "atetatarako diru kopurua zein den gorabehera". Hori bai, banku bakoitzak erabakiko du kostu guztia edo zati bat bezeroak ordaintzen ote duen. Zenbateko hori bezeroari ez ordainaraztea ere erabaki dezakete finantza erakundeek.

Akordioa urtea amaitu baino lehen sartuko da indarrean, eta banketxe bakoitzak jakinarazi die bere bezeroei.

"Orain arte kobratzen zen komisioa baino dezente txikiagoa da aurrerantzean entitate horien bezeroei ordainaraziko zaiena", argudiatu dute sinatzaileek. Bankiaren kasuan, adibidez, gutxienez % 83ko murrizketa suposatuko du.

Akordioa sinatu duten erakundeek nahi duten komisioa kobratu ahalko diete itunetik kanpo geratu diren beste bankuetako bezeroei.

Espainiako Gobernuak urrian onartu zuen kutxazainetako komisioak arautzen zituen errege dekretua. Horren arabera, finantza erakundeek komisio bakarra kobratu ahal zuten. Dekretuak, baina, ez zuen zehaztu gehiegizko kopururik, eta banketxe bakoitzaren esku utzi zuen erabakia.

Caixabankek bezero ez zirenei bi euroko komisioa ordainaraziko ziela jakinarazi zuenean abiatu zen polemika, erabakiak komisio bikoitza kobratzea ahalbideratzen baitzuen.

Gainerako bankuak

Bankia, Sabadell eta Euro 6000 sarearen baitako bankuek sinatutako akordioaz gain, beste batzuk ezagutu dira azkenaldian. Bankinterrek iragarri berri duenez, esaterako, alde biko ituna sinatu du Banco Popular, Cajamar, Laboral Kutxa, Ipar Kutxa-Baserritarren Kutxa eta Deutsche Bank erakundeekin. Bezeroek ez dute komisiorik ordaindu beharko.

CaixaBank, BBVA eta Santander bankuek, berriz, lehenengo lepotik dute burua eta bi euroko komisioa kobratuko diete bezero ez diren horiei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank albisteak BBVA Banco Santander argazkiak Albisteak