Ekonomia -

Nafarroako parlamentua

Zerga erreformari buruzko legea onartu du Nafarroako parlamentuak

Legeak jasotzen dituen neurri sortek eragina izango dute 2016ko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipenetan eta 2017ko errenta aitorpenean.

Nafarroako parlamentua. Artxiboko irudia: EiTB
Nafarroako parlamentua. Artxiboko irudia: EiTB
Nafarroako parlamentua. Artxiboko irudia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako parlamentuko osoko bilkurak zerga erreformari buruzko legea onartu du gaur Foru Gobernua sostengatzen duten lau alderdien botoei sker. Zerga erreformak jasotzen dituen neurri sortek eragina izango dute 2016ko Pertsona Fisikoen gaineko Zergaren atxikipenetan eta 2017ko errenta aitorpenean.

Ogasunak egindako estimazioen arabera, zerga erreformaren aplikazioak 127,18 milioi euroko eragina izango du 2016ko eta 2017ko diru bilketatan.

Atzera bota dituzte Nafarroako Aurrekontuei aurkeztutako zuzenketak

Nafarroako parlamentuak atzera bota ditu UPNk, PSNk eta PPNk Foru Gobernuaren aurrekontu proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak, Gobernua sostengatzen duten lau alderdien botoei esker. Beraz, aurrekontu proiektuaren tramitazioak aurrera jarraitzen du.

Erregionalistek eta 'popularrek' hiru osoko zuzenketak babestu dituzte eta PSNko ordezkariak, berriz, abstenitu egin dira UPNren eta PPren osoko zuzenketei buruzko bozketetan.

Mikel Aranburu Ogasun eta Finantza Politikako kontseilariak aurrekontu proiektua defendatu du. 3.897 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du Foru Gobernuak eta horietatik 3.500,8 milioi euro gastu ez finantzarioaren alorrekoak dira eta, gainerako 397 milioi euroak, berriz, gastu finantzarioaren alorrekoak. Aranburuk azpimarratu duenez, "eszenatoki zail" batean diseinatutako Aurrekontuak dira eta eskubide zibilengan eta berdintasunean oinarritutako gizarte politikatan jarri du Gobernuak arreta. "Aurrekontu honetan egon daitekeen akats bakarra itxaropen akatsa da", nabarmendu du.

Javier Esparza UPNko buruak "Foru Gobernuaren konpetentzia eta zorroztasun falta" salatu du; izan ere, haren esanetan, "ez da onargarria garai hauetan Aurrekontuak ekartzea, nafar guztiekiko errespetu falta da". Esparzak adierazi duenez, aurrekontu proiektuak ez die Foru Erkidegoaren beharrei erantzuten eta garapenari eta jarduera ekonomikoari balazta jartzen die. Aldi berean, gizarte gaiei bizkarra ematen diela eta hainbat gairi ez diela erantzunik ematen uste du, tartean, itxaron zerrendaren gaiari.

UPNk Foru Gobernuari aurrekontu proiektua berandu aurkezteagatik egindako kritikaren harira, Maria Chivite PSNko bozeramaileak UPNri aurpegiratu dio erregionalistek hiru alditan luzatu zituztela Aurrekontuak. Sozialistak "harrituta" agertu dira Foru Gobernuaren proposamenarekin, horien esanetan, "iragarritako aldaketa islatzen ez duelako". Chiviteren hitzetan, Bilduk ezartzen du bidea eta Aurrekontu horiek "kontinuistak eta etsigarriak" dira. Ildo horretan, zuzenketa partzialak aurkezteko asmoa iragarri du.

Ana Beltran PPNk bozeramaileak, berriz, engainuaren Aurrekontutzat jo ditu. PPNk aurkeztutako osoko zuzenketa defendatu du, Foru Gobernuak diseinatutako aurrekontu proiektuak Nafarroako errealitate sozioekonomikoari erantzuten ez diola argudiatuta. Beltranek salatu duenez, "Aurrekontuak ez dio buruhauste nagusiari, enpleguari, erantzuten".

Bestalde, UPNk, PSNk eta PPNk aurkeztutako osoko zuzenketen kontra bozkatu dute Nafarroako Foru Gobernua sustengatzen duten lau alderdiek. Geroa Baiko Jokin Castiellak ziurtatu du koalizioak gustuko duela aurrekontu proiektua eta gizarte eskubideekiko duen bokazioa nabarmendu du. EH Bilduko Adolfo Araiz eta Ahal Duguko Laura Perez ildo berean mintzatu dira eta Aurrekontuak hobetzen ahaleginduko direla adierazi dute. Laura Perezen hitzetan, "trantsizioko" Aurrekontuak dira eta "2012tik luzatutako Aurrekontuak baino hobeak dira". Azkenik, Izquierda-Ezkerrako Jose Miguel Nuin ordezkariak egungo aurrekontu proiektua defendatu du lehentasunetan aldaketa bat ezartzen duela argudiatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP UPN PSN Geroa Bai Albisteak Nafarroa Ekonomia berriak EH Bildu Araba Izquierda-Ezkerrari buruzko albisteak Albisteak Podemos albisteak Nafarroako Parlamentua Nafarroako Aurrekontuak azken ordukoa