Ekonomia -
Europako Kultur hiriburua
Donostiako Alde Zaharreko dendek nahi dutenean irekiko dute 2016 osoan
Europako Kultur Hiriburu izango delako hartu dute neurria, eta Zurriola pasealekuari ere eragiten dio.
agentziak | erredakzioa
Donostiako Alde Zaharreko eta Zurriolako pasealekuko dendariek nahi dutenean irekitzeko eskubidea izango dute 2016 osoan, hiria Europako Kultur Hiriburu izango den urtean.
Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean Itziar Epalza Turismo eta Merkataritza sailburuordearen ebazpena agertzen da, eta bertan zehazten da Donostiako bi gune horiek turismo handiko eremuak direla, merkataritza ordutegiei dagokienez.
Aurten turismo handiko gunearekin bat egin du Alde Zaharrak, baina uztailean eta abuztuan bakarrik.
Aurreko abenduaren 10ean proposatu zion Udalak Jaurlaritzari Zurriola ere gune horren barruan sartzea eta epea 2016 osora luzatzea.
Udalaren arabera, gune horietan interes historiko handiko eraikinak daude, eta bisitari asko elkartzen denez, merkataritza, kultura, gastronomia eta aisialdi jarduera handia dago bertan.