Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
BEZaren igoera prezioaren % 50ean baino ez dute ezarriko
Horrenbestez, dendariek igoera horren erdia ordainduko dute, Elena Salgado Ekonomia ministroak azaldu duenez.
Erredakzioa
Elena Salgado Espainiako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun ministroak ziurtatu du balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZ) igoera prezioaren % 50ean baino ez dutela ezarriko.
Horrenbestez, dendariek igoera horren erdia ordainduko dutela zehaztu du ministroak. Uztailetik aurrera garestituko dute zerga hori.
Onda Cero irrati katean egindako elkarrizketa batean, Salgadok azaldu du BEZa igo den herrialde guztietan bezala, igoera ezarri baino lehenagoko hiruhilekoan handitu egingo dela Espainian produktu iraunkorren (autoak, garbigailuak...) salmenta, neurria indarrean sartzen den hiruhilekoan jaitsiko dela eta hurrengo suspertuko dela.
"Espainian gauza berdina gertatuko da, eta urteko batez bestean ez du eraginik izango", esan du ministroak.
Bere esanetan, zergen igoerak ez du ekonomia motelduko epe luzean, eta are gehiago, horri esker laguntza sozialak ordaintzen eta inbertsio publikoari eusten jarraitu ahal izango dute.
Salgadok gaineratu du 2013an % 34koa izango dela presio fiskala Espainian, hots, 2004ko berdina eta 2007koa (% 37) baino txikiagoa.