Ekonomia -
Gipuzkoako Foru Aldundia
40 lanpostuko lan deialdi publikoa iragarri du Gipuzkoako Diputazioak
40 lanpostu horietatik 25 suhiltzaileentzat izango dira eta gainerako 15ak, berriz, Ogasuneko teknikarientzat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Foru Aldundiak 40 lanpostuko lan deialdi publikoa iragarri du; horietatik 25 suhiltzaileentzat izango dira eta gainerako 15ak, ostera, Ogasuneko teknikarientzat. Aldundiak azpimarratu duenez, biak ala biak "lehentasunezko sektoreak" dira Foru Diputazioarentzat.
EAJk eta PSE-EEk gidatutako Foru Gobernuak Diputazioko antolaketa "aldatzeko eta modernizatzeko" egindako apustuaren baitan kokatu du Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak lan deialdi publikoa, Foru Gobernuaren Kontseiluak azken aldian lorturiko akordioen berri emateko gaur goizean eskaini duen prentsaurrekoan. Lasaren esanetan, enplegu publikoan dagoen bitartekotasunarekin amaitu behar da.
Lasak azaldu duenez, 40 plaza horietatik 8 -suhiltzaileei dagozkienak- abenduaren 29ko Foru Gobernuaren Kontseiluan onartu ziren.
Diputazioko bozeramailearen esanetan, 2016an beste 32 plaza onartuko ditu Foru Gobernuak: 17 suhiltzaileentzat eta 15 zerga iruzurrari aurre egiteko Ogasuneko teknikarientzat.
Gainera, abenduaren 29ko Foru Gobernuaren Kontseiluak erabakitakoaren arabera, beste 13 suhiltzaile plaza beteko ditu Aldundiak barne promozio bidez. Lasaren iritziz, suhiltzaileen egonkortasunaren eta zerbitzuaren funtzionamenduaren mesedetan izango da. Dena den, ez du baztertu epe motzean plaza gehiago ateratzeko beste formula batzuk erabiltzea.
Ogasun Saileko lan deialdi publikoari dagokionez, 15 lanpostu horiei esker zerga iruzurrari aurre egiteko bitarte gehiago izango dituela azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.