Ekonomia -
Premiazko batzarra
Berdelaren arrantzaleak portuan, Espinosarekin bildu arte
Kantauri kostaldeko arrantzaleek dagokien kuota gaindituta edo gainditzear dute eta horregatik eskaria: antxoatan hasi bitartean berdela harrapatzen jarrai dezatela.
Erredakzioa
Arrantzaleek berdela harrapatzen jarraitu nahi dute beste bi astez eta hori aldarrikatzeko batzarra eskatuko diote Elena Espinosa Nekazaritza eta Itsaso ministroari. Batzarra lortu arte, portuan lotutak jarraituko dutela jakinarazi dute.
Kantauri kostaldeko arrantzaleek 2010ean dagokien kuota gaindituta edo gainditzear (7.500 tona) dute eta horregatik eskaria: antxoatan hasi bitartean berdela harrapatzen jarrai dezatela.
Santoñan (Kantabria) bildu dira Kantauri aldeko arrantzaleak gaur. Helburua zera da, Kantauriko arrantzaleen artean jarrera bateratua adostu ahal izatea berdelaren kostera ixteko Arrantza ministerioaren aginduaren aurrean.
Batzarra ahalik eta arinen egiteko eskatuko diete arrantzaleek beraien erkidegoetako presidenteei edo Arrantza arduradunei, Manuel Vinatea Kantabriako Konfradien Federazioko presidenteak adierazi duenez.
Gainera, bihar Kongresuko Arrantza Batzordeko ordezkariekin elkarrizketatuko dira Madrilen egoeraren berri emateko.
Iaz baino % 10 murritzagoa izan da berdela harrapazeko aurtengo kuota, amua eta zerkoa darabiltenez aparte alturakoak ere sartu dituzte berdelaren banaketan. Ontzi gehienek honezkero kuota agortua dute, inoiz baino berdel gehiago harrapatzen ari diren unean, prezioa gainera, baxua berez, baina aurreko urteotan baino altuxeagoa. 200 bat ontzi dira Kantauri aldean guztira, Bizkaian 10 bat, Gipuzkoan gehienak Hondarribian, Getarian eta Orion.