Ekonomia -

Hamaikagarren eguna

Jantokietako langileen %83k greba egin dute

Lurraldeka, Bizkaian eta Gipuzkoan langileen %90ek greba babestu dute. Araban, berriz, jarraipena %70ean gelditu da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko jantokietako langileen %83k gaurko greba babestu dute, kudeaketa zuzeneko zentroetan. Aste honetan asteartean langileen %80k jarraitu zuten, sindikatuen datuen arabera.

Lurraldeka, Bizkaian eta Gipuzkoan langileen %90ek greba babestu dute. Araban, berriz, jarraipena %70ean gelditu da.

Astero bi egunetan lanuzteak egingo dituztela iragarri zuten sindikatuek, eta horrela izango dela enpresek eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen kolektiboa negoziatu bitartean.

Gaurkoa aurten egin duten 11. greba eguna izan da. Ondorioz, milaka ikasle jantoki zerbitzurik gabe gelditu dira Euskal Autonomia Erkidegoan.

Horrez gain, langileek mobilizazioak egin dituzte hiriburu ezberdinetan.Bilbon, Santutxuko Luis Briñas ikastetxean elkarretaratzea egin dute, eta Donostian, Amara Berri ikastetxe aurrean. Sindikatuek azaldu dutenez, jantokiak kudeatzen dituzten enpresek bilera berria deitu dute biharko. LAB, ELA, CCOO eta UGT "gatazka konpontzeko helburuarekin" joango dira bilera horretara. Gatazka konpontzen ez badute, greba berriak egingo dituzte datorren astean, hilak 15 eta 17an. Sindikatuen eta enpresen arteko liskar honek urtebeteko iraupena dauka.

Eusko Jaurlaritzak zuzenean kudeatzen dituen 460 zentroren jantokiei eragin die protestak. Egunero 55.000 bat ikaslek jaten dute bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea