Ekonomia -
BALANTZEA
2015a, urte ona euskal aireportuentzat
Forondak marka guztiak hobetu ditu; Loiuk inoizko bigarren urte onena izan du; eta Hondarribian eta Noainen ere gora egin du bidaiarien kopuruak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Aireportuaren historiako bigarren urte onena izan zen 2015a, aurreko urteko datuekin alderatuta % 6,5 hazi baitzen bidaiarien kopurua. Orotara, 4.277.430 bidaiari zenbatu zituzten Loiun iaz, AENAk gaur zabaldutako datuen arabera.
Orain arteko datuei erreparatuz gero, 2007koa izan zen ekitaldirik onena, 4.286.751 bidaiari pasatu baitziren orduan Bilboko Aireportutik. 2015ean datu hori hobetu ez izanaren arrazoien artean, AENAren ustez, aireportuan izan diren hainbat lan-gatazka daude; besteak beste, Lufthansarena. Gatazka horren ondorioz, 25 hegaldi geratu ziren iaz bertan behera.
Nolanahi ere, 2015eko abenduko datua nabarmendu du AENAk, hilabete horretan 295.454 bidaiari izan baitzituen Loiuk; aurreko urteko hil berean baino % 9,7 gehiago.
Nazio mailako eta nazioarteko hegaldien kopuruak % 3,7 egin zuen gora iaz. Estatuko hegaldietan, 2.646.304 bidaiari zenbatu zituzten. Nazioarteko hegaldiak hartu zituzten bidaiarien kopurua, berriz, % 11,9 hazi zen.
Denera, 43.862 lurreratze eta aireratze izan ziren Bilboko Aireportuan. Garraiatutako karga kopuruak ere gora egin zuen 2015ean: iaz 2.871 tona karga garraiatu ziren guztira, 2014an baino % 0,6 gehiago.
Hondarribia
Bestalde, Hondarribiko aireportuak 255.071 bidaiari izan zituen iaz, hau da, aurreko urtean baino % 3,9 gehiago.
Abendua ere hilabete positiboa izan zen, 2014ko hil berean baino % 2,4 bidaiari gehiago (17.009 pertsona) izan baitzituen.
Hegazkinen joan-etorriak ere gora egin zuen iaz: 6.805 lurreratze eta aireratze zuzendu zituzten (% 12,3 gehiago). Abenduan zenbaki horrek "nabarmen" egin zuen gora, % 38,5 (504 oeprazio).
Aireportu gipuzkoarrak Madrilerako eta Bartzelonarako hegaldiak ditu urte osoan.
Gasteiz
Arabako hiriburuan, merkantzien garraioa inoizko onena izan zen iaz Forondako aireportuan, 46.371 tona kudeatu baitzituzten, 2014an baino % 10 gehiago.
Bidaiariei dagokienez, 11.182 pertsonak erabili zituzten Forondako instalazioak, aurreko urtean baino % 58,1 gehiago.
Lurreratzeen eta aireratzeen kopuruak ere gora egin zuen, % 16,1 hain zuzen ere, 6.840 operazio zuzendu baitzituzten.
Abenduan, merkantzien garraioa % 9,2 (4.372 tona) hazi zen.
Iruñea
Azkenik, Noaingo aireportuak % 7,5eko hazkundea izan zuen iaz bidaiarien kopuruan. Guztira, 148.710 pertsonak hartu dute hegazkina bertan.
Hegazkinen joan-etorriak ere % 4,4 egin du gora, guztira 5.697 operazio izan baitziren.
Abenduan, bidaiarien hazkundea % 12koa (9.987 guztira) izan zen.