Ekonomia -
Turismo azoka Madrilen
EAEk mitologiarekin erakarri nahi du turismoa Fiturren
Jaurlaritzak azpimarratu du “herrialde mitologikoa” dela. Bien bitartean, Nafarroak Foru Erkidegoaren “bihotzean miatzeko” gida bat aurkeztu du.
agentziak | erredakzioa
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburuak EAEk Fiturren duen erakusleihoa inauguratu du, eta mitologiaren aldeko apustua egin du turistak erkidegora erakartzeko.
Tapiak azpimarratu du EAE "herrialde mitologikoa" dela, eta horregatik bisitariei erakutsi nahi die mitologiak lotzen dituela hiru lurraldeak.
Sailburuak azpimarratu du "turismoaren merkatuan lehiatzeko, bakar egiten gaituena erakutsi" behar dela. "Gure herrialde txiki-handiaren ezaugarriak goraipatu nahi ditugu: txikia baita lur eremuari dagokionez, baina nortasun itzelarekin eta bereziarekin", azaldu du.
Era berean, familia turismoaren eskaintza sustatu nahi du aurtengo Fiturren, "Bilboren modernotasuna, Donostiaren dotorezia, eta Gasteizen historia" agertokian jarriz.
Nafarroa
Bestalde, Nafarroako Gobernuak Foru Erkidegoaren "bihotzean miatzeko" oinarrizko baliabideak jasotzen dituen gida bat aurkeztu du. Turismoaren sektoreko profesionalei zuzendutako gida horretan hilabete bakoitzeko ezinbesteko hitzorduak agertzen dira, eta Nafarroa ezagutzeko "mila moduak" azaltzen dituzte: kultura, natura, nekazaritza guneak, ardoa, jaiak, tradizioak, etab.