Ekonomia -
Izua merkatuetan
Igoera apala Europako burtsetan, atzoko deskalabruaren ondotik
Asiako burtsek zenbaki gorriekin itxi dute saioa. Petrolioaren prezioak minimo historikoak harrapatu ditu.
AGentziak | Erredakzioa
Ekaitzaren ondotik barealdia, apala bada ere. Horrela hasi dute gaurko saioa Europako burtsek: igoera txikiekin. Atzoko deskalabruaren ondotik, zuhur agertu dira ostegun honetan inbertsoreak.
Hala, IBEX35 % 0,4ko igoerarekin ekin dio egunari, 8.314 puntutan geratuta. Pariskoak antzeko hazkundea izan du (% 0,1 eta 4.129 puntu), baita Milangoak ere (% 0,73 , 18.098,80 puntu).
Londreseko eta Frankfurteko merkatuek % 0,43 eta % 0,06ko igoerak izan dituzte, hurrenez hurren.
Beldurrak, baina, hor dirau. Izan ere, Asiako burtsa nagusiek zenbaki gorriekin itxi dute saioa. Tokioko indize nagusia, Nikkei-a, % 2,4 jaitsi da, 16.017,26 puntutan geratuta. Txinako merkatuei dagokionez, Shanghaikoak % 3,2 egin du atzera; eta Shenzhengoak, % 4.
Bi afera izango dira gaurko egunean gako: petrolioaren prezioa eta Europako Banku Zentralaren (EBZ) bilera.
Brent upelaren prezioak behera egin du gaurko saioan eta % 0,71 egin du atzera. Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen upelak ere behera egin du eta 22,48 dolarretan saldu dute, 2012ko azarotik harrapatu duen preziorik baxuenean.
Ingurumaria honetan, urteko lehen bilera du Mario Draghik zuzentzen duen bankuak. Adituen arabera, EBZk ez du aparteko neurririk iragarriko baina merkatuetan dagoen ezegonkortasunagatik eta petrolioaren prezioagatik "kezka" agertuko ei du.