Ekonomia -
HAZKUNDE EKONOMIKOA
Bizkaiko ekonomia aurten % 2,6 haziko dela aurreikusi du Cebekek
Hazkunde ekonomikoak lanaldi osoko 8.000 lanpostu berri ekarriko dituela ere aurreikusi du Bizkaiko patronalak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cebek Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak % 2,6ko hazkunde ekonomikoa iragarri du urte honetarako Bizkaian. Lanaldi osoko 8.000 enplegu berri ere sortuko direla aurreikusi du, Iñaki Garcinuño patronalaren presidenteak jakitera eman duenez.
Bilbon eman duen prentsaurrekoan, Garcinuñok esan du iaz, 2015ean, % 2,7 egin zuela gora Bizkaiko ekonomiak. Aurreikuspen ekonomikoak "onak" diren arren, "arriskuak" ere egon badaudela ohartarazi du, eta, beraz, "baikor, baina zuhur" agertu da enpresari bizkaitarren burua.
Negoziazio kolektiboei buruz, lurraldeko sektorekako hitzarmenak defendatu ditu. Cebekeko kideei langileen soldatak igotzeko gomendiorik ez diela egin onartu du Garcinuñok. Dena dela, enpresek euren emaitzen arabera lansariak igotzea erabakiz gero, enpresen etorkizuneko aurreikuspenak kontuan hartzea edota igoera hori aldakorra izatea izango litzake "egokiena", Cebekeko presidentearen aburuz. Negoziazio kolektiboa da gakoa Konfederazioarentzat: borondatea azaldu dute negoziatzeko, baina lan merkatuaren erreformak ematen dienari ez diote uko egingo.
Espainiako egoera politikoa ere izan du hizpide. Gobernu berria osatzeko zailtasuna eta egoera hori luzatzea ekonomiarentzat kaltegarri izan daitekeela iritzi dio, "hazkundearen erritmoa moteldu eta konfiantza galdu" daitekeelako.