Ekonomia -

Aurreikuspen ekonomikoak

Gipuzkoa % 2,4 haziko da 2016an, Ganberaren arabera

Erakunde honetako presidenteak uste du hazkunde ekonomiko horrek ez duela langabeziaren arazoa epe laburrean konponduko eta "alternatibak" bilatu behar direla nabarmendu du.

Gipuzkoako eknomia Europako esportatzaileena 2015ean

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako ekonomia "% 2,4 haziko da aurten", EAEko aurreikuspenetatik puntu bat gutxiago ( % 2,5), eta 4.900 lanpostu berri sortuko dituzte lurralde honetako enpresek, Pedro Esnaola Gipuzkoako Ganberaren presidenteak iragarri duenez.

Ganberako idazkari nagusia eta berrikuntza zuzendaria ondoan zituela, Esnaolak prentsaurrekoa eskaini du gaur Donostian 2016ko Koiuntura eta aurreikuspen ekonomikoen txostena aurkezteko. Lurraldeko 60.000 enpresetan egindako inkesta du oinarri txostenak.

Horren arabera, eta 2015eko "urte ona"ren ondotik, hazten jarraituko du aurten ere. "Barne merkatua orekatu eta kanpo merkatua 2015eko mailan mantenduko da", esan du Esnaolak.

Enpleguari dagokionez, 2016 honetan lanpostu berriak sortuko dituztela nabarmendu dute enpresaburuek, 2015eko kopuru "antzekoei" eutsita (% 1,8ko igoera aurreikusi dute). Hala, 4.900 enplegu berri izango dira urtea amaitzerako.

Dena dela, zuhur agertu da Esnaola. Izan ere, ohartarazi duenez, hazkunde tasa honi eutsita, "2020-22 urteen bueltara arte ez ditugu enplegu maila onargarriak izango, beraz, oraindik ere pertsona askok sufritu behar dute".

Hori horrela, "alternatibak bilatzeko" deia egin du, adibidez, langabezian urte luzeak daramatzaten lagunei lan merkatuan berriro sartzeko eskuduntzak ematea. "Eskarmentu eta ezagutza hori ezin da galdu", argudiatu du.

Esnaolaren aburuz, "harago jotzeko unea da, ekonomiaren hazkundea gorabehera, eredu berria sortu behar dugu enplegua sortzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina-Errusia gerrak eragindako krisia Gipuzkoa Lana berriak Ekonomia