Ekonomia -
Nazioarteko biurtekoa
BIEMH2016a, makina-erremintaren susperraldiaren lekuko
1.183 konpainiek eman dute izena dagoeneko, 2014ko datua gaindituta. Tapiaren hitzetan, "azken urteetako biurtekorik onena izango dugu".
EITB.EUS
BECen maiatza amaieran egitekoa den Makina-erremintaren Nazioarteko Biurtekoa (BIEMH2016) sektorearen susperraldiaren lekuko izango da, erakusketari zein bisitari kopurua haztea aurreikusi baitute azokaren antolatzaileek.
Gaur azaldu dituzte prentsaurrekoan biurtekoaren nondik norakoak. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak iragarri duenez, orain arte 1.183 konpainiek eman dute izena, eta beraz, duela bi urteko erakusketari kopurua gaindituko da, oraindik lau hilabete falta baitira. Maiatzaren 30etik ekainaren 4ra egingo dute biurtekoaren 29. edizio hau.
Datu honek sektoreak azken urteetan izandako indarberritzea baieztatuko du, Tapiaren esanetan. Nabarmendu duenez, "gaur esan dezakegu maiatzean egiteko duguna azken urteetako biurteko onena izango dela". Sailburuaren irudiko, "albiste bikaina" da.
Izena emanda dauden enpresek Bilbao Exhibition Centerreko (BEC) bost pabiloiak hartuko dituzte. Tapiak azpimarratu duenez, Barakaldora bertaratuko diren konpainien artean BIEMHn inoiz izan ez direnak daude, baina baita, krisiaren ostean, berriro etortzeko asmoa agertu dutenak ere. Arloei dagokionez, erremintak egiten dituztenak igo dira gehien, baina aipatzekoa da deformazio-makineria egiten dutenen kopurua (% 15), baita errobotika eta maneiuarena ( % 10) eta produktua fabrikatzeko eta garatzeko softwarearena ( % 6).
Nazioarteko azoka izaki, asko dira gure mugetatik kanpo etorritako enpresak. 20 herrialdetako ordezkariak izango dira BECen, tartean, Txina, Alemania, Japonia, Italia, Suitza, Frantzia eta Erresuma Batutik etorritakoak.