Ekonomia -
lan gatazka
Pandako langileek greba mugagabea abiatuko dute
Enpresaren egoitza Bilbotik Zamudiora aldatzeko asmoen aurka protesta egingo dute horrela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Panda Securityko langileen asanbleak greba mugagabea abiatzea adostu du, enpresaren egoitza Bilbotik Zamudioko Teknologia Parkera aldatzeko asmoen aurka protesta egiteko. Otsailaren 3an hasiko dute lanuztea.
LAB sindikatuak azaldu duenez, egoitza aldatzeko erabakia "aldebakarrekoa" izan da eta "egun batetik bestera" hartu du zuzendaritzak, "langileekin kontsultatu gabe".
Panda hasieratik izan da Bilbon, 25 urtez, eta Zamudiora aldatzeko erabakiak "ondorio basatiak" izango ditu langileen artean.
"Pandako langileak gazteak dira eta mota guztietako ardurak dituzte familian: seme-alaba txikiak, menpeko helduak, eskolaz kanpoko jarduerak eta aisialdikoakā¦ Hori guztia kolokan egongo da. 200 familiaren bizimodua hankaz gora jarriko dute", salatu du LABek.
Sindikatu abertzalearen esanetan, egoitza aldaketak 400.000 euroko gastuak ekarriko ditu langileentzat urtean, eta enpresak 180.000 euro baino ez lituzke aurreztuko.
Egoitza Zamudiora eramateko erabakia urtebetez bertan behera uztea proposatu dute langileek, Bilbon bertan beste lokal bat bilatzeko.