Ekonomia -

Hitzaldia Valentzian

Blanco: "Ezin dugu Europako BEZ txikiena izaten jarraitu"

"Iraganeko formulak erabiliz" etorkizunari aurre egitea ezinezkoa dela azaldu du Sustapen ministroak. "Erantzunetan asmatzeko ordua da", Blancoren ahotan, eta "eztabaida antzuak" saihestu behar dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiak ezin du "Europako BEZ txikiena" izaten jarraitu, Jose Blanco Sustapen ministroak gaur azaldu duenez. Ez behintzat "herrialde aurreratuenen pareko" azpiegiturak eta zerbitzu publikoak izan nahi baldin baditu, Blancoren hitzetan.

Valentziako Manuel Broseta Bilera Kluban emandako hitzaldian egin ditu adierazpenak agintariak. "Iraganeko formulak erabiliz" etorkizunari aurre egitea ezinezkoa dela azaldu du Sustapen ministroak. "Erantzunetan asmatzeko ordua da", Blancoren esanetan, eta "eztabaida antzuak" saihestu behar dira.

Onartu duenez, ekonomiaren defizitaren zati bat "egoeraren araberakoa" da, eta "Gobernuak susperraldia eragiteko eta babes soziala indartzeko xedearekin martxan jarritako politiken" ondorioa da.

Hala ere, "defizitaren beste zati bat estrukturala da", izan ere, "eraikuntzaren ondorioz bildutako diru kopuru handia ez da berriz lehenagokora bueltatuko".

Eraikuntza

Blancoren hitzetan, krisiak "barne irakaspen bat" utzi du: "Ekonomia hazteko" ezin daiteke "dena karta bakarrera apustu egin".

"Eraikuntza sektorea ez da ez ona, ezta txarra ere, baina guztiz beharrezkoa da. Okerra neurrigabekeria izan da", nabarmendu du Blancok, baina burbuilak finantza-sistemari eragin dio, kreditua eta giza baliabideak mugatuz. Izan ere, hezkuntzarik gabeko milioi bat langile baino gehiago "harrapatuta" utzi ditu.

Azaldu duenez, "krisiaren bertsio espainiarrak, eraikuntza sektorearen neurrigabekeriarekin, finantza eta lan-indarra ahuldu ditu". Baina "errudunak bilatzeko unea ez" dela erantsi du Blancok, "gehiegikeriari guztiek lagundu diotelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea