Ekonomia -
Bisita ofiziala Brasilera
Maiatzean Euskadi bisitatzera gonbidatu du lehendakariak Lula
Brasilgo presidenteak Brasilian hartu du Patxi Lopez. Gehienbat gai ekonomikoak jorratu dituztela adierazi du lehendakariak.
Erredakzioa
Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidentea maiatzean Euskadi bisitatzera gonbidatu du gaur Patxi Lopez lehendakariak, eskualdearen indarra pertsonalki ezagutu dezan. Lulak Espainia bisitatuko du maiatzean eta hori aprobetxatuta gonbitea luzatu dio Lopezek.
Lulak Brasilian hartu du Lopez. Lehendakaria Brasil bisitatzen ari da egunotan, iragan igandetik, 150 euskal enpresabururekin batera.
40 minutuko iraupena izan du bilerak eta gehienbat gai ekonomikoak jorratu dituztela jakinarazi die lehendakariak kazetariei, baina "ezkerretik politika egiteko moduaz" mintzatu direla erantsi du.
"Nazioarteko erreferentzia"
Lopezen hitzetan, Brasil eta Lula "nazioarteko erreferentzia bilakatu dira ezkerretik gobernatzeko orduan, herritar guztien berdintasuna eta ongizatea lortzeko".
"Ezkerrak ezin dezake hazkunde ekonomikoa alde batera utzi, baina etekinekin berdintasuna lortzeko politikak martxan jar ditzake", esan du Lopezek. "Eskuinak esandakoaz oso urruti, ezkerrak diskurtso handia du eta herritarren ongizatea bilatzen duen errealitate bat da", erantsi du.
Brasilgo enpresentzako Europako atea bihur daiteke EAE, Lopezen ahotan. Aukera hori eta Euskadik duen inbertsiorako ahalmena azaldu dizkio euskal agintariak Lulari.
Siderurgia eta abiadura handia
Zentzu horretan, Gerdau Brasilgo enpresa siderurgikoa aipatu du Lopezek. Sidenor taldea kontrolatzen du Gerdauk Euskadin. Sidenorrek "4.000 langile ditu eta altzairu berezientzako Europaren atea bihurtu nahi du".
Harreman ekonomikoak eta lankidetza abiadura handiko trenen sektorera heda daitekeela esan du lehendakariak. Rio de Janeiro eta Sao Paulo hirien artean abiadura handiko trenbide bat eraikitzeko egitasmoa aipatu du Eusko Jaurlaritzako buruzagiak.
"Partekatzen ditugun errealitateak dira. Abiadura handiko trena martxan jartzen saiatzen ari dira Brasilen, eta Euskadin ere lanean gabiltza", azaldu du Lopezek. "Oinarrizko azpiegitura da, herri bat antolatzen eta egituratzen duelako", gaineratu du.
Ekitaldi ofizialak bihar amaituko ditu lehendakariak, Energia, Garapen eta Industria ministerioekin izango dituen bilerekin.