Ekonomia -

Hortz klinikak

Zer egin behar dut Vitaldenteko bezeroa banaiz?

Klinikek normal funtzionatzen jarraitu beharko lukete. Dena dela, kontsumitzaile elkarteek aholkatu dute agiri eta faktura guztiak gordetzea.

Vitaldent. EFE
Vitaldent. EFE
Euskal Herriko zentroak arduratuta baina normaltasunez lanean

1:31

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumitzaile elkarte nagusiek gogorarazi dute garrantzitsua dela Vitaldenteko pazienteentzat agiri guztiak gordetzea, klinikaren bezero izan direla egiaztatu ahal izateko.

Hasiera batean, klinikek ohi bezala funtzionatzen jarraitu beharko lukete, frankiziak baitira eta Espainiako Poliziak abiatutako operazioak ez baitu eraginik horietan.

"Frankiziek erantzukizun guztia dute pazientearekin. Izan ere, klinikak marka baten babesa izan arren, bezeroek frankiziarekin dute kontratua", azaldu dute FACUAtik.

Kontsumitzaileei informazioa emateko xedez, FACUAk facua.org/vitaldent webgunea jarri du martxan, eta, OCUk, ocu.org/movilizate/dudas-vitaldent.

Vitaldenteko bezeroentzako aholkuak

- Gorde agiri guztiak, Vitaldenteko bezero zarela erakusteko: aurrekontuak, kontratuak, fakturak...

- Tratamendu berria hastekoa bazara, atzera ezazu

- Ordainketa gehiagorik ez egitea aztertu

- Tratamenduarekin lotutako maileguren bat baduzu, hura bertan behera uzteko eskubidea duzu zerbitzua ematen ez badizute

- Klinika bat itxi badute, edo zerbitzurik ematen ez badizute, aurkeztu salaketa Kontsumo zerbitzuetan edo polizia-etxean

Eta frankiziatuekin eta langileekin, zer?

Frankiziatzaileen Espainiar Elkarteak (AEF) azaldu duenez, Vitaldenteko zuzendaritzaren aurkako operazioak ez du eraginik frankizietan, eta, horregatik, funtzionatzen jarraitu beharko lukete.

Etorkizunera begira, gerta liteke klinika horiek beste frankizia-sare batekin bat egitea, edo zentroa izenaz aldatu eta enpresa nagusitik independizatzea.

Vitaldentek 280.000 euroko inbertsioa eskatzen du frankizia bat irekitzeko, eta zentroak gutxienez 180 metro karratukoa izan behar du. Kontratua 10 urterako da.

Gainera, frankiziek fakturatutakoaren % 5 eta % 5eko publizitate kanon bat ordaindu behar diote enpresa nagusiari.

Horregatik guztiagatik, Vitaldenteko negozio eredua ez da low cost frankizien tankerakoa, eta frankiziatu gehienak inbestitzaileak dira, ez klinika propioa zabaldu nahi duten odontologoak.

Euskal Herriko klinikak

Guztira, Vitaldentek 364 klinika ditu Espainiako Estatuan, eta 98 Italian eta Polonian. Euskal Herriari dagokionez, Hegoaldeko lau hiriburuetan eta beste bederatzi herritan daude zentroak.

Hain zuzen ere, hiri eta herri hauetan dago Vitaldent:

- Araba: Gasteiz

- Bizkaia: Barakaldo, Bilbo, Durango, Getxo, Portugalete eta Santurtzi

- Gipuzkoa: Donostia, Eibar, Errenteria eta Irun

- Nafarroa: Iruña eta Tutera

Vitaldent ez da Funnydent

Vitaldenten aurkako operazioa aurten hortz klinika sare baten aurka egindako bigarrena da, urtarrilaren 29an Funnydent-eko burua atxilotu baitzuten, egunetik egunera Madrileko eta Bartzelonako zentro guztiak itxi ondoren.

Nolanahi ere, bi kasuak guztiz ezberdinak dira, kontsumitzaile elkarteek ohartarazi dutenez. "Funnydent ez zen frankizia sare bat; klinika propioak zituen. Horregatik, konpainiak porrot egiten badu, klinika guztiak itxi egiten dituzte. Vitaldenten kasuan, baina, frankiziak dira, eta iruzurra enpresa nagusiarekin lotuta dago, baina ez frankiziekin, horiek dokumentazio, finantziazio, ekipamendu eta pertsonal propioak dituztelako", azaldu dute FACUAtik.

OCUtik gaineratu dute Vitaldenteko ustezko delituek ez dutela zerikusirik pazienteen arretarekin edo eman ez diren zerbitzuekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñeko argazkiak Getxo bideoak Portugalete Santurtzi albisteak Barakaldo Eibar albisteak Tutera argazkiak EAE albisteak Iruzurrak bideoak Ekonomia berriak Gasteiz berriak Durango Irun bideoak Errenteria bideoak Eguneko albisteak