Ekonomia -
Emaitzak
2.421 milioi euroko irabaziak izan ditu Iberdrolak 2015ean
2016-2020 epean 24.000 milioi euroko inbertsioak egingo dituela iragarri du euskal konpainiak.
Agentziak | erredakzioa
2015ean, 2.421,6 milioi euroko irabaziak izan zituen Iberdrolak, 2014an baino % 4,1 gehiago, konpainiak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazi dionez.
Taldearen ustiapeneko irabazi gordina 7.306 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean baino % 4,9 gehiago. Diru-sarrerei dagokienez, % 4,6 hazi ziren, 31.418 milioi euroraino.
Emaitzokin 2014-2016 eperako ezarritako helburuak bete dituela nabarmendu du enpresak. Aurten ere hazkundea espero du Iberdrolak, irabazi gordin zein garbietan.
Irabazi horien aurrean, akziodunen urteko ordainsaria % 4 igotzea (akzioko 0,28 euro gordin) proposatu du Ignacio Galanek zuzentzen duen konpainiak.
2020ra arteko plana
Iazko emaitzen berri emateaz gain, datozen lau urteetarako plan estrategikoa aurkeztu du Iberdrolak. Azaldu duenez, 24.000 milioi euroko inbertsioa egingo du 2020ra arte. Horrez gain, urtero % 6ko batez besteko hazkundea aurreikusi du, irabazi gordin zein garbietan.
Aurreikusteko moduko diru-sarrera egonkorrak bermatzen dituzten arloen aldeko apustua egingo du taldeak, beste behin. Sareen negoziora inbertsioen % 46 bideratuko du, energia berriztagarrietara, % 33, eta % 3 araututako sorkuntzara. Arloek mozkin gordinen % 81 suposatuko dute.