Ekonomia -
Industria
Tapia: 'Espainiako Gobernuak ez du argiaren prezioa jaitsiko'
Arantxa Tapia ACB lantegiko enpresa-batzordearekin bildu da. Sestaoko fabrika itxita dago eta langileei enplegu-erregulazioko espedientea ezarri diete.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arantxa Tapia Ekonomia eta Lehiakortasun sailburuak esan duenez, Espainiako Gobernuak Euskadiko siderurgiari argindarraren prezioa jaisteko erabakirik ez du hartuko, jardunean dagoen bitartean.
ArcelorMittalek Sestaon duen ACB lantegiko enpresa-batzordearekin bildu da Tapia gaur Bilbon. ACBko fabrika geldituta dago eta langileei enplegu-erregulazioko espedientea ezarri diete.
Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritza hiru esparrutan ari dela lanean azaldu die Tapiak. Alde batetik, Europar Batasunean presio egiten ari dira, Txinako dumpingari aurre egiteko berehalako neurriak hartzeko.
Bestetik, Espainiako Gobernuarekin harremanetan daude, siderurgiari argindarraren kostua jaisteko asmoz. Baina oraingoz ez dute erantzunik izango, Gobernua jardunean dagoenez, horrelako erabakirik hartu ezin dutela argudiatuta.
Hirugarrenik, Jaurlaritza Arcelor konpainiarekin bilduko da, betiere Sestaoko lantegia irekita mantentzea lortzeko helburuarekin. Hala ere, oraingoz ez dute zehaztu batzar hori noiz egingo den.
Desinformazioa egotzi dio ELAk Tapiari
Bestalde, Tapia sailburua “desinformatzen” ari dela salatu du ELA sindikatuak, “atzerriko kapitala duten enpresa handien mesedetan”.
“Ez da zuzenean Txinako dumpingaz hitz egitea, Arcelorrek berak ere Txinan ekoizten duenean altzairua”, azpimarratu du ohar batean. Gainera, faktura elektrikoaren inguruan “opakotasun” handia dagoela kritikatu du.