Ekonomia -
Lan gatazka
Arabako errepideen mantentze lanetako langileen greba, bertan behera
ELA sindikatuak eta Araba Mendebaldea aldi baterako enpresa taldeak lan baldintzen inguruko akordioa lortu dute, lau greba egunen ondotik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabako errepideen mantentzeko lanetako langileen greba bertan behera gelditu da gaur, ELA sindikatuak eta Araba Mendebaldea aldi baterako enpresa taldeak akordioa lortuta, ELA sindikatuak iragarri duenez.
Lau greba egunen ondotik, bi aldeek akordioa lortu zuten atzo eta, horrela, "14 orduko lanaldi luzeei amaiera ematea eta lanaldien arteko atsedena bermatzea" lortu dutela adierazi dute ELAtik. Halaber, Neguko Bide Zaintza plana dela eta ezarritako lanaldiak langileen eta enpresaren artean hitzartu beharko direla adostu dute.
"Beraz, iraupen mugagabeko lanaldi luzeak ezabatzea eta 12 orduko atsedena bermatzea lortu dugu", nabarmendu du ELAk.
Gainera, ELAren esanetan, abendutik hona pilatutako "gehiegizko orduak" ordainduko dizkie enpresak langileei eta guardia zerbitzurako urteko egutegia zehaztu dute.
ELAk adierazi duenez, akordioak orain artekoa hobetuko du. Halaber, Arabako Foru Aldundiak gatazkan esku hartu izana azpimarratu du ELAk, haren esanetan, foru erakundeak gertaturikoaren erantzukizuna bere gain hartzen duela erakusten baitu.