Ekonomia -
Washingtonen (AEB)
Lan-erreforma proposamena "berritzailea" dela esan du Zapaterok
Langile bakoitzaren kaleratzea ordaintzeko fondoaren zati bat Estatuak finantzatzeko aukera dagoela adierazi du Espainiako Gobernuko presidenteak, enpresei laguntzeko helburuarekin.
Erredakzioa
Lan-erreforma egiteko Espainiako Gobernuak aurkeztutako dokumentua "berritzailea eta erreformatzailea" dela defendatu du gaur Jose Luis Rodriguez Zapatero Exekutiboko presidenteak, eta langile bakoitzaren kaleratzea ordaintzeko fondoaren zati bat Estatuak finantzatzeko atea zabalik utzi du, enpresei laguntzeko helburuarekin.
"Kaleratzeen aurrean langileek eskubiderik ez dutela galduko diot, eta bitartekari sozialei aurkeztutako proposamenarekin ereduak hobeto funtzionatuko duela ere", azpimarratu du Zapaterok prentsaurrekoan, Washingtonen.
Azaldu duenez, kaleratzeetan enpresarien ekarpena txikiagoa izateko baliabide publikoak erabiltzea da Gobernuak buruan duen alternatibarik sendoena. Orain hobarien bidez kontratazioa saritzeko erabiltzen den aurrekontuetako dirua (3.000-4.000 milioi euro) horretara bideratzea proposatzen du Exekutiboak.
Helburua lan urte bakoitzeko 33 eguneko kaleratzea duen lan-kontratu finkoa "bultzatzea" da, hau da, enplegua sustatzeko kontratua, langileek lan-merkatura sartzeko duten bide nagusia bihurtzeko, aldi baterako "gehiegizko" kontratazio ezegonkorra zuzenduz.
Austriako eredua
Espainiako proposamenak Austriako eredua du oinarritzat. Hala ere, berritasun garrantzitsu bat sartzen du Gobernuak ereduan, izan ere, Austrian enpresek finantzatzen dute soilik kaleratzeen fondoa eta Espainian Estatuak ere dirua jarriko du.
UGT eta CCOO sindikatuen lehen erreakzioa kritikoa izan da, 33 eguneko kalte-ordaina duen enplegua sustatzeko kontratua kolektibo berrietara zabaltzea kontratuak kolokan jarriko dituelako, sindikatuen esanetan.