Ekonomia -

Enplegua

Eusko Jaurlaritzak 13 milioi bideratuko ditu gazteak kontratatzera

3.000 gaztek lana aurkitzea espero du errelebo-kontratuen eta Lehen Aukera programaren bitartez.

Gazteak kalean
Gazteak kalean
Gazteak kalean

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 13 milioi euro zuzenduko ditu aurten 3.000 gazteren kontratazioa sustatzera, errelebo-kontratuen eta Lehen Aukera programaren bitartez. Hala azaldu du gaur Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak Bilbon eman duen prentsaurrekoan.

Joan zen asteartean onartu zituen Gobernu-kontseiluak bi laguntza-lerro horiek. Gauzka horrela, Lehen Aukera programaren edizio berriak 7,5 milioiko aurrekontua izango du (2015ean baino 2,5 milioi gehiago), eta 1.900 kontratu finantzatzeko aukera emango du, gutxienez sei hilabeterako.

Sailburuak adierazi duenez, aurrekontu-hazkundearen arrazoia gazteen langabezia murriztea da, "gure gizarteko erronka garrantzitsuenetako bat denez, eta erronka horri aurre egin behar zaiola bai erakunde publikoetatik bai jarduera pribatuaren alorretik", esan du.

"Arazo horren konponbidean arrakasta lortuko da, hein handi batean, inplikatuta dauden erakunde eta sektore guztien laguntzaren zein koordinazioaren arabera, baita egokiak diren neurriak diseinatzean, horiek hartzean eta martxan jartzean ekimen pribatuak duen partaidetzaren arabera ere", azpimarratu du Toñak.

Enpresa pribatuak, banakako enpresaburuak, ondasun-erkidegoak, sozietate zibilak, elkarteak eta fundazioak, horiak guztiak izan ahalko dira Lehen Aukera programaren diru-laguntzen onuradun.

Enpresei zuzendutako hobaria eskatutako titulazioaren arabera finkatuko da; 2.800 euro gordinetik (erdi-mailako heziketa-zikloak eta profesionaltasun-ziurtagiriak) 4.500 euro gordin artera (maila handiagoko prestakuntza akademikoen kasuan).

Kopuru horiek % 10 haziko dira, baldin eta praktika-kontratuak hamabi hiletik gorako iraupena badu. "Neurri horren bitartez, kontratatutako gazteak enpresan jarraitzea bultzatu nahi da", adierazi du Angel Toñak.

Bestalde, langileak, gutxienez, 18.000 euroko urteko soldata gordina jasoko du (aparteko ordainsariak barne), goi-mailako tituluduna edota unibertsitateko graduduna bada, eta 11.200 eurokoa, berriz, erdi-mailako heziketa-zikloko tituluduna eta profesionaltasun-ziurtagiriduna bada.

Errelebo-kontratua

Bestalde, Jaurlaritzak Erretiro partziala hartzen duen langilearen ordez 30 urtetik beherako bat kontratatzea da Eusko Jaurlaritzak pasa den asteartean enpleguaren alde onarturiko neurrietarik bat, eta Euskadiko Hiruko Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak 2015eko urtarrilean langile-taldeak gaztetzeko akordioaren eraginez aplikatuko da.

Lanbideren laguntza-deialdiak, gazteak errelebo-kontratuaren bidez kontratatzea bultzatzekoak, 5,5 milioi euroko finantzaketa izango du, eta, ondorioz, aukera emango du kontratu mota horren bidez, gutxienez, 900 gazte kontratatzeko. Angel Toña sailburuarentzat, "errelebo-kontratuari esker, gazteek aukera dute kalitatezko enplegua lortzeko, eta enpresek, berriz, aldaketa teknologiko etengabeen eta premien aurrean irauteko".

Errelebo-kontratua enplegu-bulegoetan (Euskadin, Lanbide) izena emandako langabeekin baizik ezin daiteke egin, edo langabezia-egoeran geratu daitezkeenekin, enpresa batean aldi baterako kontratua duten langileak badira. Laguntzak eskuratzeko, enpresek langilearen egonkortasuna bermatu behar dute, eta kontratua suntsituz gero edo autonomia-erkidegotik lekualdatuz gero, enpresak ez badu langile hori beste langile berri batekin ordezten, jasotako laguntzak itzuli beharko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Ekonomia 2024 Prentsa digitalaren azken orduko Gazteak azken ordukoa Gaurko azken ordukoa Lana